Peninsula filmak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteari

Urriaren 30etik azaroaren 6ra bitartean izango da Donostiako jaialdia.

Datorren urriaren 30ean, ostirala, Koreako Peninsula filmak (Yeon Sang-ho, 2020) hasiera emango dio Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteari, Victoria Eugenia Antzokian. Amaiera, berriz, Frantziako Mandibules filmak (Quentin Dupieux, 2020) emango dio azaroaren 6an, leku berean.

Bi data horien artean, fantasiazko zinemako urteko film luze eta film laburrik onenetako batzuk eta generoko hainbat obra klasiko ikusi ahal izango dira, eta hainbat jarduera egingo dira Asteko programazioa osatzeko.

Aurten, lehiaketaren egoitza nagusiak Principal eta Victoria Eugenia antzokiak izango dira. Bertan, Asteko sail ofizialeko filmak emango dira: 18 film luze eta 33 film labur (13 film laburren nazioarteko sailean, 7 animazio-film laburren sailean, eta 13 Estatu espainiarreko film laburren sailean).

Aurten sei filmez osatuta dago Panpin madarikatuak zikloa eta bi antzokietan, Tabakaleran eta Okendo Kultur Etxean ikusi ahal izango dira. Azken horretan, dagoeneko bi film proiektatu dituzte.

Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, omenaldia egingo zaio duela hilabete batzuk zendu zen Javier Agirre zinemagile donostiarrari, eta haren filmik garrantzitsuenetako bat emango da: El gran amor del conde Dracula (1972).

Asteko programazio zinematografikoa osatzeko, haur-zinemako film bat izango dugu beti bezala (Turuleka oiloa), baita Kresala zineklubaren ohiko ekarpena ere (Little Joe).

Beti bezala, beste jarduera batzuk ere txertatu dira Asteko programan, eta, aurtengo edizioan, honako hauek azpimarra daitezke: Azaro mamua izeneko hedapen partekatuko kanal berria, Fancine (Malagako Fantasiazko Zinemaldia) eta Terrormolins (Molins de Reiko Beldurrezko Zinemaldia) zinemaldiekin lankidetzan sortua; Mikel Pagadik beldurrezko zinemari buruz egingo duen bakarrizketa (Beldurted); eta Fanzineen gerra klasikoaren 5. edizioa.

Horrez gain, lau erakusketa egongo dira 31. Asteko programaren barruan (Topic Museoa: Alegiazko izakiak; Sarima: Mundu magiko bat, Fernando Mircala: Etorkizun dotorea eta Betiereko Juan Gimenez).

Sarrerak hemen eskuratu ahal izango dira asteartean, urriaren 27an, 11:30etik aurrera. Urriaren 27, 28 eta 29an online bakarrik erosi ahal izango dira. Ostiraletik aurrera, berriz, bi antzokietako leihatiletan ere jarriko dira salgai.

Zabaldu: