‘Podcast Geltokia’ jaialdia antolatu dute maiatzaren 28tik 30era, Donostian

Hiru egunez, egungo audioaren ildo interesgarrienetako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du ekimenak, formazioa, industria, entzunaldi kolektiboa eta zuzeneko podcastak uztartuz.

Donostian hartuko du lur lehen aldiz Podcast Geltokia jaialdiak maiatzaren 28tik 30era, Subterfuge Radioren eskutik. Ekimena talentu berrien sustapenean arreta berezia jarriz abiatuko da hilaren 28an. Audiogile Berriak programaren baitan, eskola magistral bat eta tutoretza saioak eskainiko dira, Isabel Cadenas ez-fikziozko podcasten sortzailearen parte-hartzearekin. Gainera, ekoizpen berriak aurkeztuko dira, eta audioaren bertako zein iberoamerikar ekosistemako eragile nagusiak bilduko dituen inaugurazio topaketa bat egingo da.

Jaialdiaren bigarren egunean, ostirala, sorkuntzan eta industrian jarriko da azpimarra, eta hainbat topaketa profesional izango dira askotariko gaiak jorratzeko. Honakoak, besteak beste: docu-podcastaren gorakada narrazio eta tresna sozial gisa; soinu fikzioaren garapena; eta audioa beste hizkuntza eta formatu batzuetara zabaltzeko aukerak, animazioa eta eleberri grafikoa tartean. Eguneko egitaraua osatzeko, entzuketa komentatuak eta zuzeneko grabazioak egingo dira, soinu proiektuen atzean dauden sormen prozesuetako batzuk publikoari gerturatzeko.

Etorkizuneko ikus-entzuleak

Jaialdiari amaiera emateko, larunbatean hausnarketa-ildo berriak irekiko dira etorkizuneko ikus-entzuleen inguruan, haur eta gazteei, eta kontsumo-ohitura berriei arreta berezia eskainiz. Egitarauari amaiera emateko, soinu fikzioan nazioartean itzal handia duen ahotsetako batek adimen artifizialak audioaren sorkuntzan duen eragina landuko du. Eztabaida sektorearen orainaren eta etorkizunaren erdigunean kokatuko duen saioa izango da.

Hiru egunetan zehar, Podcast Geltokiak jarduera profesionalak eta publikoari irekitako proposamenak uztartuko ditu, sortzaile, industria eta entzuleen arteko topaguneak sortzeko bokazioa indartuz.

EITB komunikazio taldeak ere parte hartuko du jardunaldietan hainbat ekimenekin eta, besteak beste, GUAU audio plataformarako soinu fikzio bat estreinatuko du.

Maiatzaren 27an egingo da Podcast Geltokia jaialdiaren aurkezpen ofiziala Tabakaleran. Bertan, hirian egingo den lehen edizio honetako programazioa osatuko duten eduki berriak, gonbidatuak eta kolaborazioak ezagutzera emango dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna