Gai desberdinetako poemez osatuta dago liburua, baina natura nahiko presente dagoela dio idazleak. Balea Zuria argitaletxearen eskutik argitaratu du lan berria.
Mikel Arruabarrenak (Hondarribia, 1994) Kardaberak Zementuan poesia liburua aurkeztu du Donostian. Idazleak azkenengo bi urtetan idatzi dituen poemak bildu ditu bere bigarren lan honetan.
Egileak azaldu duenez, liburuaren izenburuak erreferentzia egiten die espaloi bazterretan, zementuan edota errepidean jaiotzen diren belar edo landareei, “askotan ez gara konturatzen ere egiten hor daudela eta moztu egiten ditugu edo ez diegu kasurik egiten, lekuz kanpo daudela ematen du, baina hor jarraitzen dute, temati hazten, zibilizazioaren kontra egingo balute bezala. Liburuan behin baino gehiagotan azaltzen direnez, hala izendatu nuen lana”.
Gai desberdinetako poemez osatuta dago liburua, baina natura nahiko presente dagoela dio Arruabarrenak, “zementuarekin edo gizartearekin kontraste horretan”.
Hondarribia du jaioterria idazleak eta liburuko atal oso bat bere herriari eskaini dio. Bada gai sozialagoak ukitzen duen beste atal bat ere: Mekanika eta uhinak. Arruabarrena fisikaria da ikasketaz eta horrek eraman du fisika eta literatura lotzen duen liburua ontzera, “bigarren atala zientziaz josita dagoela konturatu nintzen. Poemak osatzerako orduan. Badago halako begirada zientifiko bat”. Bigarren atal horretan aurki daitezke politika sozial edo teknologiari buruzko poemak.
Paisaia apokaliptikoak du izena hirugarren eta azken atalak, “honetan gizartearen amaiera, munduaren kolapsoa irudikatzen duten poemak daude. Hasiera batean amorrua edo apatia ageri den arren, bukaera aldera itxaropenera irekitzen da eta argitasun puntu bat ematen dio liburuari”.
Arruabarrenak azaldu duenez, poesia eta zientziaren artean paralelismo bat dago, “azken finean poesia edo zientzia munduari begiratzeko moduak dira, mundua gobernatzen duten legeak edo azpian askotan ikusten ez ditugun indar horiek deszifratzeko bilaketa bat da. Behaketa edo pentsamendu ariketa bat da askotan oso nabaria ez den zerbait deszifratze saiatze aldera”.