(argazkia: Ainhoa Lores)

Sagardoaren munduko emakumeak ezagutzera ematen duen erakusketa Igartubeiti Baserri Museoan

XVI eta XVIII. mendeen artean bizi izandako eta sagardoari lotutako lau emakumeen bizitza ikusgai “Emakume ekintzaileak sagardogintzan” erakusketan. Uztailak 31era egongo da ikusgai Ezkio-Itsasoko museoan.

Igartubeiti Baserri Museoak, “Emakume ekintzaileak sagardogintzan” izeneko erakusketa berria paratu du. Honetan, sagardogintzan emakumeek historian zehar egin duten lana ezagutzera ematen da. Hala, Lourdes Odriozola historialariak burututako ikerketa lanei esker, XVI eta XVIII. mendeetan emakumeek sagardoaren munduan burututako eginkizunak jorratzen dira, eta baita garai hartako gizartearen egoera ere. Bestalde, sagardogintzan lan egiten duten emakumeen testigantzak lanbide honen egungo ikuspegiari ekarpena egiten diote.

Erakusketa lau emakume ekintzaileren irudian oinarritzen da: Maria Labayen, Maria de Echevarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobio.

Odriozolaren azterketekin batera, Jokin Mitxelenaren ilustrazioak daude ikusgai erakusketan eta Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroan burututako ikerketa proiektuaren emaitza dira.

Odriozolak bere ikerketan tira egiteko erabili dituen hariak auziak eta epaiak izan dira. Hauetan jasotzen diren testigantzek garaiko moralitatea, gizarte ohiturak… xehetasun ugari ezagutzeko balio dute. Hala, lau emakumeok ezagutarazteaz gain, haien historiak aitzakia ere badira bizi izan zuten garaiaren berri emateko eta sagardoari lotutako ondarea lantzeko.

Mitxelena ilustratzaileak bere aldetik, lau emakumezko hauek irudikatu ditu lortutako informazioa eta diseinu zein modan aditua den Ane Albisuren aholkularitzarekin, garaian garaiko janzkerak oinarri hartuta eta orain arte ezezagunak ziren emakumezko hauei aurpegia jarriz.

Erakusketa Igartubeitiren genero ikuspegiaren lan ildoan kokatzen da eta landa inguruneko emakumeen zereginari argia eta ikusgarritasuna ematen laguntzen du. Uztailaren 31ra arte bisitatu ahal izango da.

Zabaldu: