(argazkia: Mintzalasai)

Sakelako hiztegien bilduma berrargitaratu dute

Euskararen ikaspenean bidelagun izatea eta ahozko erabilera azkartzea ditu helburu hiztegi sortak.

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Euskal Elkargoak, eta Baiona, Donibane Lohizune, Hendaia eta Miarritzeko herriko etxeek sakelako 30 hiztegi jasotzen dituen bildumaren berrargitalpena aurkeztu dute. Material honen helburua bikoitza dela diote: alde batetik, “euskararen ikaspenean bidelagun izatea eta ahozko erabilera azkartzea”. Bestetik, “gai orokorrak (familia, eguraldia, eskola), zein berezituak (zientziak, arnoa, bide heziketa) jorratzen dira, 21. mendeko hizkuntza bizi baten lekuko”.

Azken 15 urte hauetan bilduma urratsez urrats osatzen joan dira; 2019an, erakundeen arteko lankidetzari esker, bilduma osoa zorro itxi eta identifikagarri batean bildu zuten. “Berrargitalpen honi esker, 3.500 hitz inguru (usaiakoak, zein terminologikoak) lau haizetara hedatuko dira, euskara ikasten, euskara dakiten edo hizkuntzak maite dituztenen plazererako”, adierazi dute.

Bilduma osoa kontsulta eta deskarga daiteke erakundeen webguneetan. Horrez gain, banaketa fisikoa egingo da Baionan, Miarritzen, Hendaian eta Donibane Lohizunen; azken horrek dispositiboa integratu du aurten. Herriko etxean bertan eskura daitezke zorroak.

Azaldu dutenez, “euskara bezala, hiztegi hauek erabiliak izateko sortuak dira. Zorro barneko azalpen oharrak erabiltzaileak gonbidatzen ditu haiekin jostatzera, erregularki kontsultatzera, egunero hitz bat ahoskatzera eta ikastera, haurrekin jokoak asmatzera, lantokian desafioak sortzera edota sakelakoan deskargatzera”.

Ideia horri jarraituz, Miarritzeko herriko etxeak aktibitate kaier berriak sortu eta eskuragarri jarriko ditu datozen asteetan. 2020ko itxialdi garaietan sortuak, euskarri hauek familian edo lagun artean euskararekin jostatzeko aitzakia eskaintzen dute (mintzalasai.eus atarian daude eskuragarri).

Euskararen biziberritzea, lurralde mailako erronka kolektibo eta partekatua dela diote egitasmoaren sustatzaileek. Erakunde publikoen artean mutualizatua izan den egitasmo hau horren lekuko da.

Miarritzen, herriko etxean, Mediatekan, Gaztegunean, Elkarteen Etxean eta Turismo Bulegoan izango dira eskuragarri.

Zabaldu: