Liburua bi zatitan antolatu dute: batetik, Allandek berrogei urtez idatzi zituen artikulu eta liburuetako idatz-zati hautatuak biltzen ditu, eta bestetik, Allande ontsa ezagutu zuten hamabi pertsonaren lekukotasunak eskaintzen ditu.
Argitalpen berriaren bidez, Euskaltzaindiak eta Sü Azia elkarteak iragan urteko abenduaren 9an zendu zen Allande Socarros zuberotar euskaltzain urgazlea ohoratu nahi izan dute. Liburua bi zati nagusitan banatu dute: alde batetik, Allandek berrogei bat urtez idatzi zituen artikulu eta liburuetako zenbait idatz-zati hautatu biltzen ditu eta, bestetik, Allande ontsa ezagutu zuten hamabi pertsonaren lekukotasunak eskaintzen ditu. Azken hauek argibide anitz eman dituzte zubereraren lanez, kolaborazioez eta egitateez. Horrez gain, Allanderen nortasuna eta ikusmoldeak deskubritzeko parada eskaintzen du liburuak: “gizon libre bat ageri zaigu, euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriari bizitza osoa eman diena”.
Battitu Coyosek azpimarratu duenez, “behin elkarrizketa batean erran zuen honek Allande ontsa laburbiltzen du: Militantziak bizitza hartu dit”. Bestetik, Jean Michel Bedaxagarrek hauxe adierazi du: “Lagun mina galdu dugu eta langile handia; Allande omendu nahi izan dugu liburu honekin, bide batez zuberotarrez eta euskaraz jakintsu baten lanaren aztarna utzi ondoko belaunaldientzat”.
Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzaz ondu da liburua.
Allande Socarros Etxebarren sortu zen 1957ko uztailaren 12an, eta Maulen hil, 2021eko abenduaren 9an. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018ko uztailaren 20an. Euskaltzaindiaren lau batzordetan lan egin zuen: Euskalkien lantaldean (2013-2021), Euskara Batuaren Eskuliburua batzordean (2017-2021), Euskara Eskuz Esku egitasmoan (2018-2020) eta Onomastika batzordean (2019-2021).
Ofizioz argazkilari izanez, laster kazetaritzara jo zuen. Aldizkari anitzetan idatzi zuen, nahiz euskara batuaz, nahiz zubereraz: Zeruko Argian, Egian, Abilen, Ekaitzan, Argian, Jakinen, Herrian… baina nagusiki lanbidez Euskaldunon Egunkarian eta Berrian (1990-2008). Laurogeiko hamarkadatik goiti militante abertzalea izan zen eta bizi osoan militatzen egon. Kazetaritzaz gain, lan anitz eraman zituen sare sozialetan, itzulpengintzan, elkarteetan. Liburu zenbait argitaratu zituen eta zuberera zorrozki landu zuen, euskara batuarekiko zubia eginez. Oro har, erran genezake Allande Socarros Zuberoako eta zubereraren enbaxadorea izan zela.