Obrak integrazioaren gaia jorratzen da komedia eta drama uztartuz. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren antzezlana taularatuko dute Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreek.
Tanttaka Teatroaren ‘Sexberdinak’ antzezlanak eskuratuko du aurtengo Donostiako Antzerki Saria. Epaimahaia Inazio Tolosak eta Irene Hernandok (AISGE), Kepa Ugartemendiak, (Antzerkizalea), Amaia Irazabalek eta Ainhoa Mariezkurrenak (EHAZE), Xanti Agirrezabalak eta Naiara Arnedok (Euskal Aktoreen Batasuna), Arantxa Txintxurretak (Publikoaren ordezkaria) eta Aurelio Acerak (Publikoaren ordezkaria) osatu dute. Euren iritziz, “oso modu egokian egiten da aniztasun funtzionalaren planteamendua eta aktoreen, zuzendariaren eta erabiltzen diren baliabide eszenografikoen bitartez, emaitza bikaina lortu dute.
Epaimahaiak balioan jarri du, bestalde, pertsona hauen errealitate afektibo eta sexualari buruz antzerkian oso gutxi landutako gaia izatea. “Publikoa maitasunari, sexuari, autoestimuari, konplexuei eta bakardadeari buruz hausnartzera bultzatzen du eta agerian geratzen dira gutako bakoitzak gaiaren inguruan ditugun ezintasunak eta, aldi berean, aurreiritziak”.
Epaimahaikideen esanetan, “antzezleek konplizitate osoz, indarrez, umorez eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta komedia eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute. Gai garratza eta deserosoa izaki, trebezia eta ironia handiz erabiltzen dute umorea publikoarengana hurbiltzeko eta horrek erritmo eta arintasun handia ematen dio antzezlanari sakontasun izpirik kendu gabe”.
Eszenografiaren berezitasuna ere nabarmendu nahi izan du epaimahaiak. Ikusleak gurpil-aulkietan eserita daudela, erdian geratzen den espazioak osatzen duen eremu eszenikoa oso baliabide eraginkorra da publikoarengana emozionalki iristeko.
Tanttaka konpainia irabazleak 12.000 euro eta Aitor Ruiz de Eginoren artelana jasoko ditu sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria eman eta gero lan irabazlea eskainiko da doan.
Gonbidapenak martxoaren 25ean egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.