(argazkia: Ikastolen elkartea)

Txikipediak 631 sarrera gehiago ditu ikastoletako ikasleei esker

Azken hiru hilabete hauetan Euskal Herriko 28 ikastolatako ikasleek egin duten lanari esker sarreren kopurua igo du Txikipediak. Urtarrilean ekin ziotenean ezarritako 300 sarreraren langa gainditu eta bikoiztu egin dute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta egon da 300 baietz! erronka, eta Euskal Herriko lurralde guztietako 28 ikastolatan eraman da aurrera aurtengo ekitaldia. Guztira 1.600 ikasle inguruk hartu dute parte ekimenean. Ikasle bakoitzak rol bat hartu du, lanaren antolaketa modu eraginkorrean bideratzeko.

Ikastolen Elkarteko dinamizatzaileek bideratu dituzte Txikipediarako sarrera berriak egiteko saioak, gela bakoitzeko tutoreekin koordinatuta. Ekimen honen helburu nagusia Interneten euskarazko edukiak gehitzea izanik, klima aldaketa, buru osasuna, emakume kirolariak eta Euskal Herria lantzea proposatu zitzaien ikasleei, eta gai horiek hartuta denen artean sarrera berriak publikatzea Txikipedian.

Antolatzaileen esanetan, “erronka kolektiboa izan da, ikastola guztien artekoa eta ikasleen proaktibotasuna bilatzen zuena”.

Egitasmoaren amaieran, esan bezala, 631 artikulu sortzea lortu da. Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak ikasleei botatako erronka gainditzea helburu motibagarria izan bada ere, proiektuaren definizioan garatutako helburuak ere lortu dira. Hauexek dira, zehazki, helburu horiek: euskal komunitateko kide bezala, euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea; sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea; gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea; eta konpetentzia digitala lantzea.

Hiru fasetan burutu da proiektua. Lehendabizikoan, erronkaren aurkezpena egin zitzaien ikasleei, Ikastolen Elkarteko dinamizatzaileen eskutik, eta besteak beste gai hauek jorratu zituzten: sentsibilizazioa, arakatze jarduerak, planifikazioa, gaien aukeraketa…

Sarrera berriak sortzea izan zen bigarren fasea: Txantiloiak eta ereduak izan zituzten ikasleek eta aukeratutako gaiaren gaineko artikuluak edota pertsonaien biografiak sortu zituzten.

Azkenik, sarreren argitalpena egin zuten. Saio horretan artikuluen baldintzen errepasoa egin zuten, Txikipedia gunea ezagutu zuten ikasleek, edizioa landu eta, azkenik, sortutako artikulua publikatu zuten.

Ikasleek, dinamizatzaileek eta tutoreek oso balorazio ona egin dute aurtengo ekitaldiaren gainean. Ikastolen Elkartetik ere oso ongi baloratu da hirugarren ekitaldia, eta datorren ikasturtean ere Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin aurrera daraman ekimen bateratu honekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu du.

Zabaldu: