Geuretik Sortuak proiektuak euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lehen lerroan jartzea du helburu.
Udalbiltzaren jardunak Euskal Herriaren kohesioa helburu duten proiektuak martxan jarri eta kudeatzean datza batik bat; baina ez du orain arte kulturaren munduan zuzenean murgiltzeko aukerarik izan. Jabi Asurmendi lehendakariak gaur Durangoko Plateruena antzokian egin duten aurkezpenean adierazi duenez, “2020an zehar luze eta zabal hausnartu dugu euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutakoak Udalbiltzatik zerbait egin behar genuela pentsatzera eraman gintuen”. Izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zenbateraino diren beharrezkoak artea eta kultura gurean, gure herriaren kontakizun sentikorraren lekuko izan daitezen; baina urgentziazko beste egoera baten berri ere eman du, Udalbiltzaren ustetan: euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela.
Hernaniko Kultura zinegotzi eta Udalbiltzako hautetsi den Koro Etxeberriak bere aldetik, euskaraz sortutako kulturaren zailtasuna zein den azaldu du: “Bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatitua dagoen lurraldea izateak arazoak, zailtasunak eta oztopoak baino ez ditu suposatzen euskal kulturaren eta artearen sormena, garapena eta hedapena normaltasunez eta naturaltasunez bideratu ahal izaterako orduan”.
Egoera horri, beraz, eman nahi dio buelta Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektuarekin, bere indargune eta tresna propioak erabiliz eta bere ibilbidean zehar aliaturik potenteenak izan dituen horien laguntzaz: udalerriak, alegia. Izan ere, 25-30 udalerri hautatu ditu Udalbiltzak lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, eta eurak izango dira proiektutik aterako diren sormen lanen laborategi eta agertoki.
Hurrengo asteetan ekimenera herri gehiago batuko diren arren, ez da makala dagoeneko Geuretik Sortuak proiektuak bere gain duen udalerrien zerrenda: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzu-Zünharre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosillak eman dute dagoeneko parte hartzeko baiezkoa. Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren kasuan, udal hauteskundeak duela gutxi izan zituztenez, beranduago hasi ahal izan du Udalbiltzak eurekin lanketa; eta, beraz, hurrengo asteetan joango da osatzen herrialde hauetako zerrenda.
Lau fasetan banatu dute Geuretik Sortuak proiektuaren garapena:
Lehen fasea orain bertan gertatzen ari da, eta 2020ko irailean hasi eta abenduaren amaierara bitarte luzatuko da. Fase honetan herriekin elkarlanak bilatzen hasi da Udalbiltza, eta horretan ari da momentu honetan ere. Aipatzekoa, herri batzuek elkarlanean hartuko dutela parte, puntu bakar gisa; esaterako, Bera eta Lesaka bikoteak eta Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla laukoteak, Nafarroan.
Bigarren fasean, kulturgileen deialdia eta horiek herriei esleitzea etorriko dira. Hori 2021eko lehen erdian gertatzea aurreikusten da. Udalbiltzak deialdi publiko bat aterako du kulturgile horiek hautatu ahal izateko. Behin kulturgile bakoitza herri edo herri multzo bati esleitu zaionean, fase honetan ere, egonaldiak gauzatuko dira. Kulturgile bakoitzak hainbat aste igaroko ditu herri horretan, bere artelana sortzeko: eleberri labur bat literaturaren kasuan, film labur bat zinemagintzaren kasuan edo antzezlan bat antzerkigintzaren kasuan.
Hirugarren fasea hedapen fasea litzateke, eta 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehen erdian burutuko da. Herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuz. Honakoak dira aterako diren obrak: eleberri laburrekin egindako bilduma bat, lau antzezlan inguru, eta sortutako film laburrak barnebiltzen dituen film luze bat. Eleberri laburren bilduma egingo duen argitaletxea, film luzearen muntatzailea eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da fase honetan.
Azkenik, laugarren fasean helburuen betetze maila eta proiektuaren balorazioa egingo da, 2021 amaieran. Balorazio honek lagunduko dio Udalbiltzari hurrengo edizioaren diseinuan eta garapenean, etorkizunean Euskal Herriko herri gehiagotara iritsi ahal izateko.