(argazkia: Iker Gozategi)

Zetak taldeak Mitoaroa IIIko bigarren data iragarri du San Mamesen, sarrera guztiak hiru ordutan saldu ondoren

Zetak euskara hutsezko ikuskizun batekin estadio oso bat beteko duen lehen euskal taldea da. Bigarren emanaldia 2026ko ekainaren 19an izango da eta sarrerak salgai daude jada.

Ekainaren 20rako sarrerak hiru ordutan saldu ondoren, Zetak taldeak Mitoaroa III ikuskizunerako bigarren kontzertu bat iragarri du Bilboko San Mames estadioan, ekainaren 19rako. Euskara hutsean egindako ikuskizun batek futbol estadio bat beteko duen lehen aldia izango da, eta bi San Mames estadio betetzeko asmoa duen lehen artista ere izango da.

Bigarren datarako sarreren salmenta gaur goizeko 10:00etatik zabalik dago.

Mitoaroa diziplina anitzeko ikuskizuna da, musika herrikoia elektronikarekin, dantzarekin, antzerkiarekin eta elementu zinematografikoekin nahasten duen zuzeneko emanaldia. Fikziozko narratiba bat osatzen du, euskal mitologiako elementuak erabilita, Euskal Herriko (eta batez ere Nafarroako) landa-inauterietako pertsonaiek antzeztua.

Mitoaroa III joan den igande goizaldeko lehen orduan iragarri zuen taldeak, Donostiako Illunben emandako kontzertuan: “ikus-entzunezko pieza ikusgarri baten bidez, ikusleek jakin zuten Mitoaroa III Bizkaian izango dela, Mitoaroa IIren arrakastaren ostean”.

Mitoaroa I (2025ean girotua) eta Mitoaroa II-ren (XV. mendean girotua) ostean, Mitoaroa III harago joango da: “errealitate distopiko batean garatzen da, San Mames euskal kulturaren bozgorailu handi bihurtuta”, aurreratu dute.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna