Maiatzaren 30era arte, herriz-herri ibiliko da euskarazko film laburren zirkuitua.
Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, 18 urte beteko ditu Euskal Herriko aretoak euskal filmez betetzen. “Edizio berri honetan ere, hasiberriak eta profesionalizaziorako bidean dauden zuzendarien lanak ahalik eta toki gehienetara heltzeko helburua dugu”, azaldu dute Euskaltzaleen Topaguneko kideek.
Maiatzaren 30era arte, herriz-herri ibiliko da euskarazko film laburren zirkuitu hau. Denetara zortzi film laburrek osotutako ordubete inguruko proiekzioa izango da aurten.
Honakoak dira XVIII. edizio honetan ikusgai izango diren lanak:
Aterpean Ateri (Ruben Crespo). Covid 19ren osasun-krisia dela eta konfinamendua dekretatu ondoren, Mikelek monotonia behartuan murgilduta bizi du eguna. Baina garai hobeen oroitzapenak eta abentura berrien ilusioak ezohiko egoerari aurre egiteko behar den indarra emango diote.
Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga). Aitziberren aitak hirira bidaiatzen du egunero, eraberritzen ari diren bere haurtzaroko etxea babestu nahian. Egoera honek, bere osasun arazoekin batera, ordura arte adieraztera ausartu ez den kezka eta beldurrak kanporatuko ditu.
Game Over (Ilune Diaz). Familia bat talka autoetan dabil dibertitzen, jokoa borroka bilakatu arte.
Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Villanina eta Irene Zaldua). 2002. urtea da Iruñean eta Ezker Abertzaleko Segi gazte antolakundea legez kanpo utzi dute. Urko antolakunde horretako kidea da Jonekin batera, bere lagunik onena. Bizitza publiko eta pribatuaren artean banatzen du bere bizitza protagonistak. Publikoan militante eredugarria da, langilea. Pribatuan, ezkutuko desioak asetzen ditu autobus geltokiko gizonen komunetan zein Takonerako txoko ilunetan. Bere bizitza sozial eta politikoa sexualarekin nahastuko da erabat. Egoera honek bere harreman eta erabakietan eragingo du, inguruko dena zalantzan jarriz.
Babarrun Txapelketa (Andoni Mtz de Madina eta Julen de la Serna). Aurtengo munduko babarrun txapelketa Gasteizen egingo da eta hainbat berezitasun izango ditu.
Datsegit (Aitor Arruti). Film honetako protagonista gela batean dago. Bat-batean ihes egitea erabakiko du, baina zerbaitek jatorrizko etxera lotuta mantenduko du. Ihesaldiak, atzean utzi nahi duena zer den eta zeren bila dabilen ezagutzera eramango gaitu.
Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet). 2011ko urria da. Hiru emakume belaunaldi familia-maitasun loturak atxikitzera entseatzen dira, Euskal Herriko gatazka armatuaren bukaera gogorra izanik ere. Gertakariek Amaia, sei urteko neskatoa, gainditzen dute eta bere istorioa berriz asmatzen du, berreraikitze konpultsibo eta inozentearekin.
Agur (Iñigo Acha). 16. Kameratoiaren lan irabazlea da Agur film laburra. Txikitako lagunaren heriotza misteriotsua ikertzeko asmoarekin bueltatzen da bere jaioterrira protagonista. Nola hil zen? Zer gertatu zen?.