Euskaltzaindiak irailaren 25eko osoko bilkuran erabakiko du Mikel Zalbideren lekua hartuko duen ala ez.
Jon Sarasua soziolinguista gipuzkoarra euskaltzain oso izateko hautagai proposatu du Euskaltzaindiak. Hautagaitza ostiralean, uztailaren 24an, Akademiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egindako osoko bilkuran aurkeztu zen, eta Sarasua izan da aurkeztutako hautagai bakarra.
Euskaltzaindiaren arautegiaren arabera, irailaren 25ean egingo den osoko bilkuran erabakiko dute euskaltzain oso eta emerituek hautagaitza onartzen duten ala ez. Baiezkoa jasoz gero, Sarasuak hartuko luke Mikel Zalbide hizkuntzalariaren lekua. Zalbide maiatzaren 9an igaro zen euskaltzain emeritu izatera, 75 urte bete ostean, eta maiatzaren amaieran ireki zen hautagaiak aurkezteko epea.
Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Informazio Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ia hiru hamarkadaz jardun du Mondragon Unibertsitatean irakasle. Horrez gain, hainbat ardura izan ditu HUHEZI fakultatean, bai Gizarte Zientzien Sailean, bai Komunikazio Sailean.
Bere jarduna hezkuntzarekin, euskarazko material didaktikoen sorrerarekin eta hizkuntza gutxituen inguruko ikerketarekin lotuta egon da. Garabide elkarteko zuzendaritza-taldeko kidea ere bada 2006tik, eta azken urteotan hainbat graduondoko eta master sustatu ditu kooperatibagintzaren, hizkuntza gutxituen eta euskal kulturgintzaren esparruetan.
Euskaltzaindiak 2021ean izendatu zuen Sarasua euskaltzain urgazle. Ordutik Akademiako Sustapen Batzordeko kidea da, Euskararen Gogoetagunea koordinatzen du, eta Mintzola proiektuaren zuzendaritzan ere ari da. Horrez gain, herri-kulturgintzari buruzko ikerketa-proiektu baten arduraduna da 2025etik.
Irailaren 25eko bozketaren ondoren jakingo da Jon Sarasua Euskaltzaindiako euskaltzain oso berria izango den ala ez.