Ekimenaren helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi da, eta horrela kultura-jarduerak bultzatu.
Maiatzaren 20tik ekainaren 18ra bitartean, 14 eta 30 urte bitarteko gazte antzerkizaleen Topaketa egingo da Donostian. Iñigo Garcia Gazteriako zinegotziak azpimarratu duenez, “Gazte Antzerkiaren Erakustaldia hiri honek bere gazteriarekin eta kulturarekin duen konpromisoaren adibide bat da. Urtez urte ikusten dugu nola talde berriak animatzen diren sortzera, esperimentatzera eta agertokira igotzera, eta horrek erakusten du Donostian gazte talentuak babesa eta aukerak aurkitzen dituela. Gazteria Sailetik espazio berriak sustatzen jarraituko dugu, gazteek aukera izan dezaten beren burua adierazteko, trebatzeko eta beren sormena herritarrekin partekatzeko”.
Gainera, Topaketaren bitartez parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker.
Antzezlanak hiriko sei agertokitan taularatuko direla ere jakinarazi du antolakuntzak: Antzoki Zaharra, Victoria Eugeniako Klub Aretoa, Gazteszena (Egia Kultur Etxea), Lugaritz Kultur Etxea, Kontadores Gazte Zentroa eta Intxaurrondo K.E.
Bestalde, ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango direla aurreratu dute; eta, balorazioaz Garazi Urkola, Maialen Sorzabalbere eta Aiora Enparantza antzezleak arduratuko dira. Sari banaketa ekainaren 20an izango da Victoria Eugenia Club Aretoan.
Sarreren salmenta guneei dagokionean, Donostia Kulturaren agertokietakoak (Victoria Eugenia Club, Antzoki Zaharra, Gazteszena (Egia), Imanol Larzabal (Lugaritz) eta Intxaurrondo K.E.), maiatzaren 12tik aurrera eskuratu ahal izango dira, bi modu hauetan: Donostia Kulturaren webgunean eta obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan. Kontadores Gazte Zentroko emanaldietarako sarrerak, berriz, antzezpen egunean bertan erosi ahal izango dira, bertako leihatilan.
Egitaraua, hemen.