‘Ihesa zilegia balitz’ erakusketa paratu dute apirilaren 7ra arte Donostiako Bulebarrean

Posted on 2024-03-12 by KulturSharea

Pertsona migratzaileen errealitatea lau fotokazetariren irudien bidez erakusten digu erakusketak. Formatu handiko 46 irudiz osatutako sei egitura ditu, eta datorren apirilaren 7ra arte ikusi ahal izango da Donostiako Bulebarrean.

Ihesa zilegia balitz. Huir es un derecho. Ce sont des personnes izeneko erakusketa paratu dute apirilaren 7ra arte Donostiako Bulebarrean. Gari Garaialde (Irun, 1972) eta Javi Julio (Donostia, 1978) argazkilariek bultzatu duten egitasmoaren helburua da Irundik muga zeharkatzen saiatzen diren pertsonen egoera ikusaraztea. Azken bost urteotan 25.000 pertsona inguruk zeharkatu dute muga modu klandestinoan. Ahalegin horretan bederatzi lagun hil dira.

Hala, Bidasoako muga zeharkatzeko migratzaileek egiten duten ibilbidea erakutsi nahi du erakusketak, eta errealitate hori testuinguruan jarri. Horretarako freelance argazkilari ezagunek egindako formatu handiko 46 argazki jarri dira kalean ikusgai. Proiektuaren sustatzaileen lanez gain, erakusketan Mikel Oibarren (Bilbo, 1987) eta Santi Donaireren (Jaen, 1988) lanak ikus daitezke.

Erakusketa berriak U formako sei egitura ditu, bakoitza bi metro zabal eta metro bat eta laurogei metro garai diren hiru argazki olanez osatuak. Egitura bakoitzak errealitate bati erreparatzen dio, hurbilagokoa edo urrunagokoa, “gure mugan hartutako irudiak erakusten baititu, baina baita Melillan (Estatu espainiarra), Lesbosen (Grezia), Zarzisen (Tunis), Angersen (Estatu Frantsesa), Biella eta Pozallon (Italia) edo Mediterraneoan ere. Irudien artean, hain zuzen, 2019ko azaroan Aita Marik egindako lehen erreskate-operaziokoak daude”, adierazi dute argazkilariek.

Bestalde, argazkiak euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuekin eta mapekin tartekatzen dira, beti ere, gizaki gisa interpelatzen gaituen drama batera hurbiltzeko asmoz. “Egunero-egunero iristen dira gurera. Etengabe. Ihesi datoz, gerratik, jazarpenetik edo miseriatik, beti norabide berean, hegoaldetik iparraldera, bizimodu hobe baten bila, baina zeharkaldian oztopoak

baino ez dituzte aurkitzen: harresiak, hesiak, mugak, kontrolak, miaketak, atxiloketak, deportazioak…”, nabarmendu dute.

(argazkia: Javi Julio)

Berlingo Harresia erori zenean, 1989ko azaroaren 9an, hamabost harresi zeuden mundu osoan. Gaur egun ia bost aldiz gehiago dira. Hala, egitura bakoitzak harresi bat irudikatzen du. Bigarrena, Bidasoako harresia, errealitate gertuenari buruzkoa da, “ikusi nahi ez dugun baina hemen dugun errealitate bati buruzkoa”. Hirugarren moduluak mugen esternalizazioa jartzen du agerian, izan ere,  Melillako egoera jasotzen du: Hegoaldeko harresiak. Laugarren egiturak, Itsasoa harresi gisa izenekoak, Mediterraneoko egoera erakusten digu; Mare Nostrum-ean 28.000 pertsona baino gehiago hil direla kalkulatzen da. Lurra harresi moduan moduluak, bosgarrenak, Greziako uharteetako errealitatea hurbiltzen digu; han 30.000 eta 40.000 errefuxiatu artean daude harrapatuta.

Azken moduluak, Hormak, mapak eta bizitzak izenekoak, Saharaz hegoaldeko lau pertsonaren odisea erakusten du, jatorrizko herrialdeetatik kontinentera iristeko egin duten milaka kilometroko ibilbidea, alegia. Erakusketari izenburua ematen dion Xabier Leteren poemarekin amaitzen da erakusketa: Ihesa zilegi balitz. Mikel Laboak kanta bihurtu zuenean mitiko bihurtu zen olerkia.

Garaialdek eta Juliok uste dute ezinbestekoa dela gure garaiko drama hau hurbiltzea eta kontatzea: “Pertsona bakoitza ihes egitera behartzen edo bultzatzen duten arrazoiak gorabehera, inork ez du merezi hiltzea bizitza hobea izan nahi duelako. Zilegi balitz ihes egitea, erakusketaren izenburuak dion bezala, hori ez litzateke gertatuko”.

Gaur egungo tragedia handienetako bat

Diotenez, “gure garaiko tragedia handienetako bat da, baina nahiago dugu beste alde batera begiratu; horregatik uste dugu gizarteak interpelatuta sentitu behar duela errealitate horren aurrean. Irudi hauek begiratzera eta ikustera gonbidatzen gaituzte, gure kontzientziak astintzen dituzte. Ezin dugu ahaztu hemen eta orain gertatzen den errealitate bat dela, eta axolagabekeriaz begiratzen dugula. Ez da urruneko errealitatea. Bidasoa harresi bat bihurtu da. Gure etxeen aurretik milaka pertsona igarotzen dira Europarantz. Irundik egunero saiatzen dira muga zeharkatzen. Herri hau milaka migratzailerentzako igarobide bihurtu da”.

Bi argazkilariek uste dute badela garaia mitoak, aurreiritziak eta estereotipoak hausteko eta ihes egiten duten pertsonak pertsonak direla ohar gaitezen. Hala ere, argazkilarien hitzetan, giza eskubideen urraketa etengabea da migrazio ibilbideetan: “Politika krudelak, gupidagabeak, eta ankerrak ezartzen dira. Frantziak muga militarizatu du, pertsonen zirkulazio librea galaraziz. 2018az geroztik, kontrola zorrotza da. Gure begien aurrean kanporatzen dituzte muga zeharkatzea lortu duten pertsonak. Frantziak 2020ko martxoan itxi zituen mugak, pandemiaren testuinguruan, eta terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin Santiago eta Behobiako zubien kontrolei eutsi die. 2023an, berriz ireki ziren zubiak, baina egunero kanporatzen dira pertsona migratzaileak, paperik gabeak, azal ilunagokoak beti”.

Erakusketa ibiltaria izango da, asmoa baita Euskal Herriko beste herri batzuetan ikusi ahal izatea. Donostian bisita gidatuak egin ahal izango dira bi argazkilarien eskutik. Ikasleentzat egingo dira bisitaldiak, baina baita publiko orokorrarentzat ere. Horretarako, Bostok-en webgunean eman daiteke izena: www.bostokphoto.com/.

You may also like

Haziak hegan dabiltza Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean
Posted on 2024-07-23 by KulturSharea
Hazi ñimiñoetatik hasi eta forma landuagoetaraino, artelan bakoitzak [...]
Xabier Obeso margolariaren ‘Arrazoiaren eta emozioaren artean’ erakusketa ikusgai da Donostian
Posted on 2024-07-04 by KulturSharea
Artista gipuzkoarraren lanek artea eta filosofia uztartzen dituzte, [...]
Familiartean gozatzeko ‘Situ-Akzioak’ gunea ireki dute Donostiako Tabakaleran
Posted on 2023-06-20 by KulturSharea
0 eta 6 urte bitarteko haurrek, helduez lagunduta, argia, kolorea eta [...]
‘3×4=ORAIN’ Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan proiektua
Posted on 2022-09-05 by KulturSharea
3×4=ORAIN. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan izeneko [...]
‘Imajinatu Zinemaldia’ erakusketak publikoari egingo dio gorazarre
Posted on 2022-07-13 by KulturSharea
Erakusketa Tabakaleran egongo da ikusgai eta herritarrak, edizioz [...]
Javier Perez artistaren ‘Presentziak Absentziak’ erakusketa ikusgai Donostian
Posted on 2022-07-07 by KulturSharea
Artista bilbotarraren sorkuntza-mundua ezagutzeko aukera ematen du [...]
‘Artea oinez’ erakusketa Iruñeko Kondestable jauregian ikusgai
Posted on 2022-04-11 by KulturSharea
Lan gehienak korronte abstraktuan kokatzen dira, baina figuratiboa, [...]

Page 1 of 3

Zabaldu: