(argazkia: GFA)

Kultura-ondareari orainalditik begiratuz

GFAko Kultura Departamentuak Ondarea orain programaren edizio berri bat aurkeztu du, kultura ondarearen gaurkotasuna herritarrei hurbiltzeko. Programa maiatzaren 20tik ekainaren 10era bitartean izango da Donostian, Errenterian eta Zarautzen, eta hitzaldiak, liburu aurkezpen bat eta bisita gidatu bat izango ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak abian jarri duen egitasmo honen helburu nagusia kultura-ondareari orainalditik begiratzea da, lurraldeko ondareari lotutako aurrerapen, ikerketa eta eztabaida nagusiak herritarrekin partekatzeko gune bat sortuz. Iraganeko ikerketa historikoak gaur egungo begiradatik eta tresnekin aztertzen ditu programak, herritarrek gure kultur herentzia hobeto ezagutu eta baloratu dezaten.

Aurtengo edizioa maiatzaren 20tik ekainaren 10era bitartean egingo da Donostian, Errenterian eta Zarautzen, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Programak ondarea ikuspegi oso desberdinetatik jorratzen duten lau proposamen bilduko ditu: adimen artifiziala artxibo historikoetan aplikatzea, Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko arkitekturaren azterketa, Aizpitarteko labar-arte paleolitikoa eta Zarauzko Santa Klara komentuaren birgaitzea.

Rosa Aierberi aitortza

Aurtengo edizioak, gainera, une berezi eta hunkigarri bat izango du ardatz: Rosa Aierbe Iribar historialari, ikertzaile eta irakasleari egingo zaion omenaldia. Hernanin jaiotako ikertzaileak ibilbide profesional, akademiko eta ikertzaile luzea osatu du Gipuzkoan, eta haren lanak zuzenean egiten du bat programaren espirituarekin: ondarea ikertzea, dokumentuak herritarren eskura jartzea eta gure iragana ezagutza bizi bihurtzea.

Aldundiak azaldu duenez, “Erdi Aroko dokumentu-iturriak aztertzen eta zabaltzen egindako lana, artxiboekin izandako lotura estua eta Gipuzkoako historia hobeto ezagutzeko egindako ekarpena aitortu nahi dira.

Egitaraua

Maiatzaren 20an abiatuko da programa, Donostiako Santa Teresa eraikinean, Ipuscuako agiriak, adimen artifizialaren erabilera artxiboko dokumentuak zabaltzeko: Disrupzioa? izeneko hitzaldiarekin, GFAko Artxiboetako eta Agiri Ondareko Zerbitzuko buru Ramon Martinen eskutik. Saioan, adimen artifizialeko tresnek eskuz idatzitako testuak automatikoki irakurtzeko, laburpenak sortzeko edo artxibo historikoak modu masiboan itzultzeko eskaintzen dituzten aukerak jorratuko dira.

Maiatzaren 27an, berriz ere Santa Teresan, 100 adibide. Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko ondarearen zifra biribila hitzaldiaren txanda izango da, Josue Susperregi Lasalde Arkeolan Fundazioko dendrokronologoarekin eta Ibon Telleria Julian EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko arkitektoarekin. Saioaren ardatza izango da lurraldeko Erdi Aroko zurezko ondarea. Dagoeneko 100 adibide identifikatu dira, baserrien, etxe zibilen, baselizen eta beste eraikin batzuen artean.

Programak ekainaren 3an izango du jarraipena Errenterian, Reina Aretoan, Diego Garate Kantabriako Unibertsitateko irakasleak eta Ainara Rodriguez Aizpitarte taldeko kideak aurkeztutako Paleolitoko garaiko labar artea Aizpitarteko muinoan liburuaren aurkezpenarekin. Saio honi esker, Landarbasoko Aizpitarte haitzuloei buruzko azken azterlanak ezagutu ahal izango dira.

Programari amaiera emateko, ekainaren 10ean, Zarautzen, Santa Klara komentua bisitatu ahal izango da eta Birgaitzea eta ondare-balioak: Zarauzko Santa Klara komentua hitzaldia antolatu dute. UR arkitektura estudioko Xabier Urangak eta Zarauzko Udaleko bulego teknikoaren arduradun Iratxe Garcia de Vicuñak hartuko dute parte. Jarduerak aukera emango du komentuaren beheko solairuaren birgaitzean aplikatzen diren esku hartzeko irizpideak zuzenean ezagutzeko. Birgaitzearen helburua da ondare-balioak kontserbatzea eta ekipamendu publiko sozial eta kultural gisa egokitzea bateragarri egitea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna