Xanti Arrieta artista bergararraren lana maiatzaren 29ra arte bisitatu ahal izango erakusketa aretoan.
Izaskun Arrue kulturgunetik igaro ondoren, Gasteizko Kultura Etxeak Xanti Arrieta artista bergararraren lanaren erakusleiho bihurtu da hil honetan. Gernikak. Begiradak izeneko erakusketa maiatzaren 29ra arte bisitatu ahal izango da eta gerraren memoria, nortasuna eta ondorioak hurbiletik begiratzeko gonbita egiten du.
Esposizioan Picassoren obratik abiatuta gerren zentzugabekeriaz egindako hausnarketa aurkezten du Arrietak, modu intimoan. Ibilbide luzea du atzean. Eta begirada sakona islatu nahi izan du erakusketan. Horretarako artistak teknika eta material desberdinak (eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea, zura…) erabili ditu. Egitasmo honetan, bergararrak Txema Ramirez de la Piscina EHUkok komunikazio irakasle ohi, idazle eta ikerlaria izan du konplize eta bidelagun.
Era berean, erakusketa honek ezinegonetik sortutako begirada bat islatzen du. Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur egunera arte gizakiak zein gutxi ikasi duen ikusarazten duen oihu erdiragarria da. Izan ere, “ezagutzen den Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude: gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten duten toki-izenak dira: Malaga-Almeria, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia, Gaza… Ezezagunagoak, beharbada. Urrutikoegiak, agian”, azaldu du antolakuntzak.
Arrietak egiten duen proposamen artistikoa kolektiboa, polifonikoa eta poliedrikoa da aldi berean. Gernikak. Begiradak erakusketak Picassoren obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta oraingo euskal kulturan erreferentziazkoak diren hamar kulturgileen gogoetak eta begiradak jasoz: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorrieta kantugilea, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak.