(argazkia: UEMA)

Euskararen erabilera bermatzeko neurri sorta aurkeztu du UEMAk

Proposamenek administrazioa, hezkuntza, aisialdia eta zerbitzu publikoak hartzen dituzte, euskararen erabilera erdigunean jarriz.

UEMAK Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuen larunbatean Otxandion, “giro ederrean, festa eta aldarrikapena uztartuz”. Goizean Batzar Nagusia egin zuten udalerri euskaldunetako 125 bat alkate eta zinegotzik, eta eguerdian ekitaldi instituzionala ere izan zen herriko plazan, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin. UEMAko lehendakari Martin Aramendik azaldu zuenez “kezkatuta egoteko hainbat arrazoi dauzkagu. Euskara larrialdi egoeran dago, eta euskara ofiziala den Euskal Herriko zati honetan ere euskarak eta gaztelaniak ez dute estatus bera oraindik. Hori gutxi balitz, euskararen eta euskaldunen aurkako oldarraldi betean gaude. Kezkatzekoak dira euskara indartsuen dagoen lurgunean antzematen diren joerak ere. Urgentea da egoera, eta ezinbestekoa da egoera iraultzeko neurri batzuk lehenbailehen hartzen hastea”.

Urgentziazko neurriak

Aramendik urgentziaz hartu beharreko hamar neurri aurkeztu zituen. Neurriak udalerri euskaldunen biziraupena eta indartzea bermatzeko helburuarekin planteatu ziren. Proposamenen arabera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek udalerri euskaldunetan ematen dituzten zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzea bermatu beharko lukete.

Era berean, udalerri horietan hizkuntza paisaia osoa euskaraz izateko betebeharra ezartzea proposatu zuen, baita garatzen diren plan, proiektu eta egitasmoek euskarari kalterik ez eragiteko neurriak hartzea ere.

Lan munduari dagokionez, ostalaritzan langileak euskalduntzeko liberazio dinamikak martxan jartzea planteatu zuen, eta euskalduntze-alfabetatze prozesuetan ratioak jaistea eta doakotasuna bermatzea maila guztietan.

Hezkuntza eta gizarte arloan, helduen hezkuntzan euskara ardatz gisa ezartzea proposatu zuen, bereziki herritar etorri berrientzako murgiltze-neurriak indartuz. Halaber, haur eta gazte etorri berriak euskalduntzeko murgiltze ereduak abiatzea aurreikusten da.

Udalerri euskaldunetako haur eta gazteen euskararen erabilera babesteko neurriak ere jaso ziren neurrien artean, haien ikasketa ibilbide osoan zehar jarraipena emanez. Horri lotuta, familia zaurgarrietako haurrak euskarazko aisialdian txertatzeko politikak bultzatzea proposatu zen.

Azkenik, udal administrazioari dagokionez, udal langile guztiak euskaldunak izatea eta udalen funtzionamendu osoa euskaraz bermatzea ahalbidetuko duten neurri juridikoak hartzea eskatu zuen.

Hitzartzea amaitzeko, ekainaren 13an Kontseiluak Iruñean deitutako Euskaltzaleon Martxarekin bat egiteko deia egin zuen Aramendik: “Euskaraz bizitzeko behar dena sortzen ari gara, azken batean. Eta horixe aldarrikatuko dugu ekainaren. Martxak hiru zutabe izango ditu, hiru giltzarri eta aldarrikapen irudikatuz: ofizialtasun osoa Euskal Herri osorako; hizkuntza politiketan jauzi eraginkorra, euskararen ezagutza orokortua eta erabilera normalerako baldintzak bermatzeko; eta euskaltzaletasuna, herritarren konpromiso aktiboa oinarri hartuta. UEMAk bat egiten du horiekin eta Kontseiluaren Euskaltzaleon Martxarekin eta, beraz, bertaratzeko deia egiten diegu udalerri euskaldunetako euskaltzale eta herritar guztiei ere”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna