Ane Berganza (argazkia: Montehermoso kulturunea)

Ane Berganza eta Jorge Moneo Quintana aukeratu dituzte Artium eta Zas Kultur elkartearen artisten egoitzarako

20 proposamenen artean hautatu dituzte Ane Berganzaren Salt Lake City Roads eta Jorge Moneo Quintanaren izenik gabeko proiektua. Biak ala biak udan garatuko dira egoitza artistikoen programaren barruan, eta urrian aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Gasteizko Artium Museoak eta Zas Kultur elkarteak Ane Berganza eta Jorge Moneo Quintanaren proiektuak aukeratu dituzte elkarrekin sustatzen duten egoitza artistikoen programaren barruan. Iaz jarri zen martxan ekimena, eta Araban sorkuntza garaikidea lantzeko eta hari laguntzeko testuingurua eskaintzea du helburu, artista gazteei laguntasuna, baliabide teknikoak eta ikusgarritasuna eskainiz.

Bigarren edizio honetan, deialdia martxoaren 18tik apirilaren 30era egon da zabalik, Arabako lurraldearekin lotura duten artista berriei zuzenduta. Guztira, 20 proposamen aurkeztu dira; iaz baino 9 gehiago. Epaimahaiak kalitatea, planteamenduen aniztasuna eta ikuspegien sendotasuna nabarmendu ditu, eta azken erabakian berrikuntza, bideragarritasuna eta ibilbide artistikoa hartu ditu kontuan.

Ane Berganzaren (Bilbo, 1999) Salt Lake City Roads proiektuak GaroƱako Larrialdi Nuklearreko Planari lotutako errepide-sarean eta Arabako lurzati-bideetan zehar egindako ibilbideak grabatu eta proiektatzea proposatzen du. Egitasmoak desplazamenduaren, irudiaren eta paisaiaren arteko harremanak aztertzen ditu.

Bestalde, Jorge Moneo Quintanak (Gasteiz, 1988) egoitzarako aurkeztu duen proposamenak aurretik praktikan irekitako hainbat ikerketa-ildo garatzeko eta sakontzeko espazio bat planteatzen du, artxiboko irudiekin, argazkiekin, testu-materialekin, objektuekin eta bistaratzeko gailuekin egindako lanari lotuta. Euskarrien arteko bereganatze-, muntaketa- eta lekualdatze-prozesuen bidez, proiektuak dokumentuaren eta fikzioaren arteko tentsioarekin lotutako gaiak jorratzen ditu, bai eta irudi estatikotik eta material zinematografikotik irakurketa eta denborazkotasun berriak aktibatzeko aukerekin lotutakoak ere.

Lehenengo egonaldia abuztuaren 3tik irailaren 6ra egingo da, eta bigarrena abuztuaren 31tik urriaren 4ra. Bi kasuetan, artistek lan-espazioak eta Artium Museoaren nahiz Zas Kultur elkartearen lantaldeen laguntza izango dituzte, sorkuntza, gogoeta eta elkarrizketa prozesuak sustatzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna