Euskaltzaleon Martxak milaka lagun bildu zituen larunbatean Iruñean. Hiru zutabetan antolatuta, parte-hartzaileek euskararen ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan jauzi bat eta euskaltzaletasun antolatu eta indartua eskatu zituzten.
Milaka euskaltzalek hartu zituzten larunbatean Iruñeko kaleak Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Euskaltzaleon Martxan. Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean, hiru zutabe abiatu ziren Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik, Gazteluko Plazan bat egiteko.
Mobilizazioaren erdigunean hiru aldarri nagusi izan ziren: euskararen ofizialtasun osoa Euskal Herri osoan, hizkuntza politiketan premiazko jauzia eta euskaltzaletasun eraberritu baten beharra.
Gazteluko Plazan egin zen ekitaldi nagusian, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak euskararen egoeraz ohartarazi zuen. Haren hitzetan, euskarak eta euskal hiztun komunitateak “larrialdi linguistikoan” jarraitzen dute, eta horregatik beharrezkoa da euskaraz bizitzeko baldintza errealak sortzea, eskubideen aitortza formaletik harago.
Eskisabelek, gainera, erronka zehatz bat proposatu zuen: 2036rako 300.000 euskaldun gehiago irabaztea eta egungo euskalduntze erritmoa bikoiztea. Horretarako, hizkuntza politika ausartak eta euskararen erabilera normalizatzeko neurriak behar direla azpimarratu zuen.
Martxako hiru zutabeetako pregoiek ere aldarri nagusi horiek landu zituzten. Azterketak Euskaraz mugimenduak ofizialtasun osoaren aldeko mezua zabaldu zuen; Batuz Aldatu dinamikak hizkuntza politiketan jauzia eskatu zuen; eta euskarazko eduki sortzaileek euskarak eremu digitalean duen presentzia indartzeko beharra azpimarratu zuten.
Ekitaldian Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariek ere hartu zuten hitza. Urepeletik abiatu eta bi eguneko martxa egin ostean Iruñera iritsita, gazteek euskararen aldeko borrokan antolatzen eta saretzen jarraitzeko deia egin zuten.
Martxak ordezkaritza instituzional eta politiko zabala ere izan zuen, hainbat alderdi eta eragileren parte-hartzearekin.