Unibertsitatera Sartzeko Probetako Euskara eta Literatura II azterketaren inguruan sortutako polemika euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiaren adierazpen berria dela salatu du. Horren aurrean, uztailaren 2rako elkarretaratzeak deitu ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Euskalgintzaren Kontseiluak salatu duenez, Unibertsitatera Sartzeko Probetako Euskara eta Literatura II azterketan zenbait ikaslek izandako emaitza eskasak baliatu dira euskararen aurkako oldarraldi politiko, mediatiko eta judiziala hezkuntzaren eremura zabaltzeko. Erakundeak ohartarazi du egoerak euskararen desofizializazio prozesua indartzen duela eta, gainera, euskarari uko egitea pribilegio bihurtzeko arriskua dakarrela.
Kontseiluaren iritziz, auziaren ondorioz hartutako ebazpen judizialak —judizializazioaren bidea hartu duten ikasleak Euskara azterketatik salbuestera behartzen duenak— hezkuntza sistema bera jarri du jomugan. Salatu du, halaber, erabaki horrek mezu oso arriskutsua zabaltzen duela: euskarak ez duela gainerako ikasgaien maila bera, eta hizkuntza ez dela beharrezkoa iradokitzen duela etorkizuneko belaunaldientzat. Era berean, euskararen aldeko ahalegina egin duten ikasleak kaltetzen dituela nabarmendu du, eta plazak handitzeak ez duela sortutako desberdintasuna konpontzen.
Erakundeak kezka agertu du Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin ere. Bere esanetan, benetako arazoari heldu beharrean —eredu linguistikoek ikasle guztien euskalduntzea ez bermatzeari—, Hezkuntza Sailak azterketak zuzendu dituzten irakasleak jarri ditu zalantzan. “Babesa adierazi nahi diegu beren egunerokoan euskara irakatsi eta transmititzeaz arduratzen diren irakasle horiei denei, eta eginkizun horren jarraipen gisa azterketak zuzentzen aritu diren guztiei”.
Hizkuntza-ereduen sistema
Kontseiluak azpimarratu du egungo hizkuntza-ereduen sistemak ez dituela hezkuntza curriculumak ezarritako helburuak betetzen. Gogorarazi du ISEIren 2021eko datuen arabera A eta B ereduek ez dutela ikasleen euskalduntzea bermatzen, eta egoera horrek milaka ikasleren hizkuntza-eskubideak urratzen dituela. Horren aurrean, hizkuntza-ereduak gainditu eta euskarazko ikasteredua orokortzea proposatzen du, euskara gutxien dakiten ikasleei baliabide gehiago eskainiz eta justizia soziala nahiz gizarte kohesioa indartzeko bide gisa ulertuta.
Egoera salatzeko eta euskararen normalizazioaren aldeko aldarria egiteko, Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzeak deitu ditu uztailaren 2rako, osteguna, 12:00etan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria Zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatearen aurrean. Mobilizazioak Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean egingo dira.