Euskal Herriko Unibertsitateak 2026ko Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USaP) emaitzen lehen azterketa globala aurkeztu du, azken asteotan Euskara eta Literatura II irakasgaiaren inguruan piztutako eztabaidari erantzuteko. Unibertsitatearen ondorioen arabera, irakasgai horretan ikusitako joerak beste hainbat irakasgaitan ere errepikatzen dira, eta ebaluazio-sistemaren objektibotasuna eta bermeak indarrean daudela defendatu ditu.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2026ko Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USaP) emaitzen azterketa globala aurkeztu du, azken asteotan Euskara eta Literatura II irakasgaiaren inguruan sortutako eztabaidari testuingurua emateko asmoz. Ondorio nagusia argia da: irakasgai horrek ez du portaera berezirik erakusten gainerako irakasgaiekin alderatuta, eta antzemandako joerak sistemaren osotasunean ere gertatzen dira.
Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Urtza Garay Graduko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordeak azaldu dutenez, USaPak legeak ezarritako berme guztiak ditu, eta edozein ikaslek bigarren zuzenketa independentea eskatzeko eskubidea dauka. Lehen eta bigarren zuzenketaren artean bi puntutik gorako aldea dagoenean, azterketa automatikoki beste bi adituren esku uzten dela gogorarazi dute.
Aurkeztutako txostenak 12.080 ikasleren datuak aztertu ditu, baita 41 epaimahai, 848 zuzentzaile eta 4.223 berrikuspen-eskaera ere. Guztira, USaPren gainditze-tasa %95,26koa izan da.
EHUren arabera, Euskara eta Literatura IIren batez besteko nota 6,33 izan da, eta ez da emaitzarik baxuenak izan dituzten irakasgaien artean kokatzen. Gainditze-tasa %76,2koa izan da, Espainiako Historia, Kimika, Matematika II edo Fisikaren gainetik.
Zero kalifikazioen inguruko datuak ere testuinguruan jarri ditu unibertsitateak. Euskaran zeroak azterketa guztien %1,4 dira; Fisikan, berriz, %3,2. Gainera, hasieran zeroa jaso zuten Euskara eta Literatura IIko ikasleen %74,8k irakasgaia gainditu zuen berrikuspen-prozesua amaitu ondoren; USaP osoan portzentaje hori %71,6koa izan da.
Berrikuspen-eskaerek gora egin duten arren, unibertsitatearen esanetan haien eragina mugatua izan da. Euskara eta Literatura IIn berrikuspenen ondorioz batez besteko nota 0,13 puntu igo da, eta antzeko joera antzeman da beste hainbat irakasgaitan ere.
Azterlanak epaimahaien arteko desberdintasunak ere aztertu ditu, eta ondorioztatu du irizpide-aldeak ez direla Euskara eta Literatura IIren berezko ezaugarriak. Antzeko gorabeherak Gaztelania eta Literatura, Ingelesa, Kimika, Biologia edo Matematika II bezalako irakasgaietan ere atzeman dira.
Amaitzeko, EHUk gardentasunarekin eta datuetan oinarritutako eztabaidarekin duen konpromisoa berretsi du. Unibertsitatearen arabera, USaPren emaitzak osotasunean aztertuta ikus daiteke Euskara eta Literatura IIn antzemandako joerak ez direla salbuespenezkoak, baizik eta ebaluazio-sistemaren barruan beste irakasgai batzuetan ere gertatzen diren fenomenoak.