UEUk, UEMArekin, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Coppieters Fundazioarekin batera, Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean / Territories of Higher Speaker Density in Minoritised Language Communities lana argitaratu du. Azpeitian 2025ean egindako nazioarteko konferentzian aurkeztutako ekarpenak oinarri hartuta osatu dute argitalpena, euskaraz eta ingelesez.
Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten zeregina aztertzen du argitalpen berriak. Iñaki Iurrebaso Biterik eta Asier Basurto Arrutik editatu dute lana, eta helburua da Azpeitian egindako nazioarteko konferentzian partekatutako ezagutza komunitate zientifiko eta sozial zabalago baten eskura jartzea.
Konferentzian hiztun dentsitate handiko lurraldeei buruzko esperientziak eta ikerketak partekatu zituzten, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat adituren parte-hartzearekin. Irlanda, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia, Hego Tirol, Voivodina eta Euskal Herriko ordezkariek hizkuntza gutxituen etorkizunari lotutako erronkak eta estrategiak partekatu zituzten.
Liburua Mikel Zalbideren lanetik abiatzen da eta sei ekarpen nagusi jasotzen ditu. Horien artean, Zalbidek arnasguneen kontzeptua eta euskararen indarberritzean duten garrantzia azaltzen ditu; Conchúr Ó Giollagáinek komunitate bernakularren biziraupena aztertzen du; Étienne Lemyrek, berriz, Kanadako eta Quebeceko frantses-hiztunen egoera du aztergai. Elin Haf Gruffydd Jonesek Galesko esperientzia Euskal Herrikoarekin alderatzen du, eta hiztun dentsitate desberdineko eremuen arteko loturen garrantzia azpimarratzen du.
Bilduma Euskal Herriari buruzko bi ikerlanekin osatzen da. Horietan, hiztunen mugikortasunak euskararen erabileran duen eragina eta lurraldearen ezaugarri soziolinguistikoek euskalduntze-prozesuetan duten pisua aztertzen dira, hizkuntza-politiketan lurraldearen ikuspegia txertatzearen beharra nabarmenduz.
Liburuak ikuspegi teorikoa eta ikerketa aplikatua uztartzen ditu, eta hizkuntza gutxituen biziberritzean lanean ari diren ikertzaile, teknikari, erakunde eta gizarte-eragileentzat baliabide izatea du helburu. Lana formatu digitalean eskuragarri dago UEUren webgunean, osorik nahiz artikuluz artikulu, euskaraz eta ingelesez.