Oihana Egaña artistaren erakusketak asteazkenean irekiko ditu ateak, Donostiako Ilustratzailearen Txokoan

Donostiarrak sortutako ilustrazioak abenduaren 9ra arte egongo dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean.

Oihana Egañak (Donostia, 1973) Magisteritza eta Euskal Filologia ikasketak egin zituen, baina irudiari txikitatik eman zion garrantzia eta horren isla dira ilustrazioari lotuta egin dituen lan anitzak.

Gainera, Egaña autodidakta da eta hainbat tailerretan parte hartu du, bere teknika eta adierazpen artistikoa garatzeko helburuarekin. Besteak beste, Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen MarraziOak (2022ko edizioa) eta BikoTeka (2023ko edizioa) tailerretan aritu da. Azken horretan sortu zuen Sheila Salamancarekin batera bere lehenengo lana  Eta orain? (2024, Denonartean).

Aurten Yolanda Arrieta idazlearekin elkarlanean Asun Balzola Elorza: Koloreekin pentsatzen zuen neskatoa  lana argitaratu du. Azken honetan, Asun Balzola Elorza, Euskal Herriko Haur eta Gazte Literaturako irudigile eta egile ezagunaren inguruko album ilustratua ondu dute.

Irakaskuntzarekin lotutako zenbait eremutan kartelak egin ditu. Berdintasun amets egitasmoko deialdi guztietan iruditeria egin du eta liburuen azalak diseinatu ditu. Horrez gain, hainbat urtez Donostiako Ilazki Euskaltegiko kartelen ilustratzaile gisa aritu da.

Ilustratzailearen Txokoa

 2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza, Raquel Samitierra, Aritz Trueba, Olaia Martinez, Nerea Urrestarazu, Joseba Beramendi, Berta Suescun, Aitziber Raya eta Miguel Berzosa. Orain Oihana Egañaren txanda da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna