Jose Ramon Etxebarriarentzat aurtengo Manuel Lekuona Saria

Etxebarriak unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsua baloratu du epaimahaiak.

Jose Ramon Etxebarria (Gernika, 1948) da aurtengo Eusko Ikaskuntzaren 2020ko Manuel Lekuona Saria jasoko duena. Sari honen bitartez, euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan egindako ekarpen zabala eta euskal kulturarekiko duen konpromiso adierazgarria aitortu egin zaio, baita bere obraren dibulgazioa ere.

Etxebarriak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon, eta 1987an EHUn doktoratu zen. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sorkuntzan parte hartu zuen, eta bertako irakasle izan zen. EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan klaseak eman zituen, 2018an erretiroa hartu zuen arte.

Zientzia eta teknologiarekin lotutako testuak euskaraz lantzen aritu da bere ibilbide osoan. Ildo horretan, Manuel Lekuona 2020 Sariaren epaimahaiak Etxebarriak unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsua baloratu du, komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu baitu, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz.

Sarituak 18 liburu eta 22 liburuen kapituluak idatzi ditu, gutxienez. Halaber, zientzia eta kultura gaiei buruzko ehunka artikulu sinatu ditu, batez ere Anaitasuna aldizkarian. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, berak sorturiko 187 lan sarrera baino gehiago biltzen ditu.

Itzulpengintza eta hezkuntza- eta dibulgazio-liburuen edizioa ere landu ditu. Erretiroa hartu zuenetik, “Wikilari” gisa jardun da fisikarekin lotutako esparruan.

Euskaltzain urgazlea da 2006tik, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria jaso zuen, zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik.

Aurreko guztiak arrazoi, bere giza-konpromisoa eta alderdi anitzetik zabaldutako ekintza kulturalarekin batera, Eusko Ikaskuntzak 1983an eratutako Sariaren palmaresean sartzeko bide eman diote. Hala, Etxebarria ibilbide esanguratsu eta balio unibertsala duten pertsonen zerrendara batu da.

Azpimarratzekoa da aurtengo edizioa parte-hartze handienetakoa izan dela 2014an Lekuona Sariaren hautaketa hiritarren bozketara ireki zenetik. Epaimahai instituzionala honako hauek osatu dute: Euskal Kultur Erakundea, J.M. Barandiaran Fundazioa, Vianako Printzea Erakundea, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Eresbil.

Manuel Lekuona Saria irudikatzen duen Remigio Mendiburuk diseinatutako eskultura banatzeko ekitaldia oraindik zehaztu gabe dagoen lekuan eta egunean egingo da.

Zabaldu: