[BIDEOA] Preso dagoen lagunari egindako bisita baten bidaia kontatzen du Kattalin Minerrek ‘Turista klasea’ eleberrian

Nobela laburra da Minerrena, 120 bat orrialde ditu eta bi planotan kontatuta dago: bidaiarena batetik, eta digresioena bestetik, azken honek hartzen du zatirik handiena.

Parisen preso daukaten lagun bati egindako bisita baten bidaia kontatzen du Kattalin Miner (Hernani, 1988) idazleak Turista klasea (Susa) eleberrian. Egileak gaur aurkeztu du liburua Donostian.

Bidaia honetan, pertsonaia esnatzen den egunetik etxera itzuli eta ohera sartzen den arte gertatzen dena azaltzen da. Guztira 1.600 kilometro 20 ordutan. Bidaiaren zatirik handiena trenez egiten du protagonistak, eta trenbidearen marra zuzenak dira, hain zuzen, liburuaren nondik norako espazialak markatzen dituztenak, alegia, pertsonaia nagusia non dagoen. Baina, Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak azaldu duenez, “narratzailea marra zuzen horretatik ateratzen da behin eta berriro”, izan ere bisita egitera doanak “pentsamendutik pentsamendura, oroitzapenetik oroitzapenera, digresiotik digresiora egiten du salto”.

“Pertsonaiak badaki azken bisita izan daitekeela, baina ez du horretan gehiegi pentsatu nahi, badaezpada. Trenean dagoela, bere ingurura begiratuko du eta beste tren bidaia batzuk ekarriko dizkio gogora”. Bidaia-kideek ere aukera emango diote hainbat gairen inguruan pentsatzeko. “Nobelak aurrera egin ahala, gero eta hobeto ezagutuko dugu pertsonaia, preso daukaten lagunarekin duen harremana, zer pentsatzen duen, zer ez duen pentsatu nahi, zein diren bere kontraesanak…”.

Norberarengandik erauzi ezin ditugun beldurrak dira liburuaren hari nagusietako bat: “beldur inkoherenteak, ustez ditugun ideien kontrakoak, ia inori aitortuko ez genizkiokeenak. Hotzean pentsatzen dugunaren eta barrutik ateratzen zaigunaren arteko aldea markatzen dutenak”, dio Lopezek. “Beldurra da eratzen gaituen egiturak argien bistaratzen duen mekanismoetako bat. Ikasi dezakezu hau edo bestea ez erabiltzen, ikasi dezakezu zapalkuntza ulertzen, baina beldurrik ez sentitzen ikastea konplikatuagoa da, bereziki, dena beldurra piztera bideratuta dagoenean”.

Nobela laburra da Minerrena, 120 bat orrialde ditu eta bi planotan kontatuta dago: bidaiarena batetik eta digresioena bestetik, azken honek hartzen du zatirik handiena.

Egileak kontatu duenez, “konfinamenduaren alaba” da liburua, “itxita izan gintuzten egun horietan jaiotako liburua da”. Hala ere, hor dauden eszena, pasarte, bizipen asko artxibatuta zeuden Minerren buruan eta eleberriari egitura ematerako orduan, oso erraz atera zitzaion. “Liburuak ez dira idazten ordenagailu aurrean jartzen garenean bakarrik”, adierazi du egileak.

Liburua entretenigarria izateaz gain, irakurleak norberak bizi dituen borroken ardatz, zehar lerro, ildo edota kontraesanen inguruan hausnartzea espero du Minerrek.

Zabaldu: