Maiatzaren 12ra arte egongo da bisitatzeko aukera Mistoen Pabiloian.
Liburu Libreak erakusketa kolektiboa paratu dute Iruñeko Ziudadelako Mistoen Pabiloian. Kontxesi Vicentek komisariatu du erakusketa, eta gazteen literatura klasikoko eleberrietan oinarritutako hainbat artistaren lanak biltzen ditu.
Hauek dira erakusketan parte hartu duten artistak: Itziar Alforja, Fernanda Alvarez, Jose Miguel Ascunce, Puri Bermejo, Blas Campos, Alba Garcia, Raquel Ingles, La Chincheta Bruna, Josan Lopez de Pariza, Gonzalo Nicuesa, Eva Morant, Alicia Otaegui, Marijose Recalde, Juan Sukilbide, Hector Urra, Lourdes Urricelqui eta Kontxesi Vicente.
Artista hauek gazte-literatura klasikoan oinarrituta garatu dituzte piezak. Hala, obra bakoitzari so eginez zein eleberriri dagokion ikus daiteke. Azaldu dutenez, erakusketa “istorio horiek irakurtzeko edo berrirakurtzeko gonbidapena da, pertsonaiak, animaliak, lekuak, egoerak eta giro bereziak irudikatzera bultzatzen dutenak, eta baita literaturaren eta lan artistikoaren arteko elkarrizketa sortzera ere. Unitate bat eratzen duten bi modutara kontatutako istorio bera, dualtasun zaindua eta sendoa da”.
Artista bakoitzak Nuevo Auriga bildumako liburuki bat irakurtzean hasten den sortze-prozesua da. Katalogotik kanpo utzitako liburuak, garbiketa lanen ondoriozkoak, Burlatako Haur Liburutegiko liburuzainak erakusketa hau sustatzeko eskaini zizkion Kontxesi Vicenteri, sorkuntza artistiko baterako.
Liburu hauek eskultura, objektu-liburu, pop-up Books, argazki… bihurtuz, eleberri hauen balioa nabarmendu nahi izan dute proiektu honekin. Hala, esperimentazio artistikoaren bidez liburu bakoitzari aukera berri bat eman diote.