Ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak bildu ditu Uxue Alberdik ‘Belarriko Kilkerrak’ liburuan

Posted on 2023-10-05 by KulturSharea

Liburuan hiru zutabe nagusi dira: ahozkotasuna, transmisioa eta memoria.

Ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak bildu ditu Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Belarriko Kilkerrak (Elkar) liburuan. Istorioak ilustratzeko Begoña Durruty izan du alboan egileak. Gaur Donostian aurkeztu duten lana  “liburu akzidental bat” dela kontatu du Alberdik. Beste fikziozko ipuin bat idazten ari zela, harekin ataskatu, egoskortu eta frustratuta zegoela, “halako batean gogoratu nintzen gure aitak itxialdi garaian bidali zizkigun ahozko mezuekin. Familia entretenitzeko eskatu nizkion umetako, soldaduskako edota seminarioko istorioak kontatzeko eta gogoratu nintzen bazirela batzuk oso politak”. Alberdi kontakizun horiek idatziz ematen saiatu zen eta ahoz zeukaten grazia hura mantentzen. “Hortik tiraka ia ia jolasean bezala, bururatu zitzaidan inguruan neuzkan kontalari onak tentatzea istorioak biltzen hasteko”.

Hala, pixkana pixkanaka, hainbat kontalariren pasadizoak, anekdotak jasotzen joan zen idazlea. “Batzuk dramatikoak ziren, beste batzuk, aldiz, umorezkoak, nazkagarriak, beldurgarriak…”. Alberdi norbaitek ahoz kontatutakoa belarriz jaso eta idatziz ematen saiatu izan da, “ahalik eta indar handiena bilduz eta gordez”.

Liburuan mende bete biltzen duten istorioak daude gordeta, “elkarri igurtzika”, dio idazleak, eta gaineratu duenez, liburuan hiru zutabe nagusi dira: ahozkotasuna, transmisioa eta memoria. “Iruditzen zait elkarri istorioak kontatzea gutxi baloratzen den zerbait dela, akaso gizaki egiten gaituena horixe baldin bada ere”.

Liburuaren gaiei dagokienez, goseaz, lotsaz, beldurraz, ausardiaz, elkarri ematen diogun tratuaz, penaz, krudelkeriaz, pudoreaz… mintzo da. Horiek guztiak lau atal nagusitan banatu ditu Alberdik: Marrubi-lapurretan, Zerurako eskailera da, Minaren gela eta Ispilua.“Liburu fresko fresko eta bizi bizi bat gelditu da Begoña Durrutyk ezin hobeto ilustratu duena eta bizi pusketak dauzkana barruan”, bukatu du egileak.

You may also like

Ensemble 0 taldeak ‘Pozgarria da’ kanta eta bideoklipa aukeztu ditu
Posted on 2021-11-09 by KulturSharea
Ensemble 0 taldearekin musika garaikideak beste zentzu bat hartzen du. [...]
Olatz Salvadorrek ‘Ahots Hari’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-11-02 by KulturSharea
Rozalen musikaria du alboan Salvadorrek abesti honetan. Olatz Salvador [...]
Gozategi taldearen ‘Nirekin’ kantuaren bertsioa egin du Jon Maiak
Posted on 2021-10-21 by KulturSharea
Jon Maiak Kantu bat gara izeneko disko-liburua argitaratuko du [...]
Zea Mays taldeak ‘Kemena’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-24 by KulturSharea
Izen bereko EP-a kaleratu du talde bilborratak, 'Inondik Inora' [...]
Nøgen taldeak kontzertu berezia eskainiko du urriaren 1ean, Bilbon
Posted on 2021-09-23 by KulturSharea
Urriaren 1ean Nøgen taldeak kontzertu berezi bat eskainiko du Bilbao [...]

Page 19 of 57

Zabaldu: