Amatasunari eta feminismoari buruzko testigantzak

Posted on 2022-05-06 by KulturSharea

M ama eme ume izeneko liburua gaur aurkeztu dute Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik.

Amatasunari eta feminismoari buruzko testigantzak bildu dituzte Erika Lagomak (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandezek (Lesaka, 1975) M ama* eme* ume*  izeneko liburuan. Tene Mujika bekaren laguntzarekin ondu dute lana eta gaur goizean aurkeztu dute Donostian.

Egileak eskuz esku aritu dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituen narrazio-sorta bat ontzeko. Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta “superwoman”-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak mahaigaineratu dituzte: “askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia”, diote. Horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak ere jaso dituzte.

Lagomak eta Fernandezek amei ahotsa eman nahi izan diote liburu honekin, “azkenean sistemak eskaintzen dizkigulako ama izateko eredu oso zurrunak, inongo malgutasunik gabeak, eta iruditzen zaigu orain dela momentua amei galdetzeko, beraien bizipenak entzuteko, beraien testigantza horiek jasotzeko. Hortik abiatuta uste dugu arrakalatu daitezkeela eredu estu edo hertsi horiek”. Horretarako kotxean sartu eta hamahiru hiri eta herri zapaldu dituzte egileek, bertan amekin egon eta entzun dituzte.

Emaitza, esan bezala, hamahiru lekukotasun biltzen dituen lana da: hamaika ama, ez-ama eta bi aitaren testigantza bana: “bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak… Askotarikoak dira esperientziak eta bizikizunak, ugariak iritziak eta desberdinak mundu-ikuskerak; guztiak ere aberasgarriak eta zer pentsatua ematen dutenak”, azaldu dute egileek.

Adierazi dutenez, “ama anitzek ikusiko dute beren burua islatuta haren edo honen kontakizunean, eta era berean sentituko dute beren ikuspegia edo eskarmentua falta dela, nork bere modura bizi izan duelako amatasuna. Horientzat denentzat, bai ama izan ez diren emakumeentzat, beren erabakiz edo ezinez, nahiz gaiarekin sentsibilizaturik sentitzen diren gizonezkoentzat da liburu hau, inertziak apurtuz, geure buruarekin adiskidetzeko eta denon artean mundu justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko gonbita”.

You may also like

Eñaut Elorrietak ‘Zutaz letrak idazteko’ kantua aurkeztu du
Posted on 2022-09-29 by KulturSharea
Eñaut Elorrietak udazken honetan argitaratuko duen Fantasia diskoaren [...]
‘Black Is Beltza II. Ainhoa’ filmaren soinu banda aurkeztu dute
Posted on 2022-09-15 by KulturSharea
Soinu banda bihar, irailak 16, kaleratuko dute. Fermin Muguruzak [...]
Nerea Ibarzabal idazleak bere lehen nobela kaleratu du: ‘Bar Gloria’
Posted on 2022-09-14 by KulturSharea
Idazle eta bertsolari bizkaitarrak estreinako nobela du Bar Gloria. [...]
Metrokoadrokak ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ antzezlana prestatzen ari da
Posted on 2022-09-12 by KulturSharea
Antzezkizuna familia ereduei buruzko sitcom poetikoa izango da eta [...]
Jose Luis Otamendi idazlea bueltan da ‘Landura’ poema liburuarekin
Posted on 2022-09-12 by KulturSharea
Landura izena du idazle azpeitiarrak gaur Susa argitaletxearen eskutik [...]
Baztandarren Biltzarra: Orgak Elizondoko karriketara atera dira berriro ere
Posted on 2022-07-18 by KulturSharea
Edizio honetan, Amaiurko gazteluaren erresistentziaren 500. [...]

Page 12 of 56

Zabaldu: