Ane Zubeldia idazle eta itzultzaileak sei ipuinez osatutako ‘Datorren udan ez gara hemen biziko’ bilduma kaleratu du

Ane Zubeldiak 2024ko Igartza bekari esker ondu du Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin bilduma. Gai, giro eta garai askotako istorio hauetan, bizitzaren amaieraren kontzientzia eta transzendentzia-sentipena pizten duten une magikoak uztartu ditu idazle hondarribiarrak.

Ane Zubeldia idazle eta itzultzaileak (Hondarribia, 1994) Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu du Datorren udan ez gara hemen biziko liburua. Sei istorio independentek osatzen dute, bakoitzak bere nortasun eta atmosfera propioarekin. Egileak azaldu duenez, “ipuin bakoitzaren abiapuntuan batez ere sentsazio edo intuizio bat egon da, ez hainbeste gai konkretu bat”.

Ipuin horien artean denetariko paisaiak ageri dira, errealismo magikotik zientzia-fikziora: Donostiatik Burgosko herrixka batera trenez doan mutikoa, aitonaren emaztearen hilzoria zaintzera; osaba zenak Katalunian landutako harremanak eta artelan efimeroak deskubritzera doan emakumea; edota garai bati oharkabean agur esaten ari diren lau lehengusina, Zuberoako erreka batean gora. Halaber, zientzia-fikzioak eta ironia pop-enak arindutako zama bitalak, bikote-harreman baten arrastoak kantu-kapsuletan eta etorkizun distopikoetako giza taupadak ere kabitzen dira bilduma honetan.

Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin bilduma Zubeldiaren bigarren lana da, pasa den urtean Kontra olerki liburua plazaratu zuen Susa argitaletxearekin. Horretaz gain, Mejillon Tigre kolektiboaren sortzaileetako bat da. Ane Garcia da bere benetako izena eta horrela sinatu ditu orain arte egin dituen itzulpen lanak, horietako bat dugu Friedrich Engelsen Etxebizitzaren auzia (Katakrak) liburua.

You may also like

Izarok ‘Libre’ abestiaren bertsioa berria kaleratu du Cris Lizarragarekin
Posted on 2022-03-03 by KulturSharea
Limones de Oro izeneko diskoa kaleratuko du laster Izarok. Lan [...]
Iñaki Irasizabalek ‘Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?’ liburua kaleratu du
Posted on 2022-02-23 by KulturSharea
Narrazio hauetako protagonistak galduta sentitzen dira, desoreka bat [...]
Asier Gorostidik eta Igor Sarraldek ‘Euskal Herriko animaliak. Ornogabeak’ liburua aurkeztu dute
Posted on 2022-01-18 by KulturSharea
Euskal Herriko animaliak. Ornodunak liburuaren jarraipena da oraingoan [...]

Page 21 of 62

Zabaldu: