7G Udalekuak Eskapu bilduma berriaren lehendabiziko liburua da. Idazleak urtero ale berri bat argitaratzeko asmoa duela iragarri du.
Nerea Loiola idazleak (Deba, 1985) 7G Udalekuak izeneko liburua aurkeztu du Donostian. Eskapu bilduma berriaren lehendabizikoa da honakoa eta ‘aukeratu zure abentura’ eta ‘scapebook’ egitura uztartzen dituela azaldu du. Idazleak urtero liburu berri bar argitaratzeko asmoa duela dio eta denak izango dituzte ezaugarri berberak. “Liburua irakurri ahala eta istorioan aurrera egin ahal izateko, momentu batzuetan irakurleak erabakiak hartu beharko ditu bi edo hiru aukera edo erantzun posibleren artean eta beste momentu batzuetan, aldiz, istorioak zein orritan jarraitzen duen jakiteko enigma batzuk ebatzi beharko ditu”, azaldu du egileak. Horrela liburuan aurrera eta atzera egiten, amaiera desberdinak biziko ditu irakurleak eta bizirik ateratzea edo ez lortuko du.
Liburu berezi honekin, Loiolak protagonista bihurtu nahi izan du irakurlea eta 5G teknologia gainditu eta 7G teknologia erabiltzen duen udaleku batetan onartua izango da. Udaleku horren kokapena sekretua dela dio idazleak eta protagonista hasiera batean oso pozik egongo den arren, egunak pasa ahala, zerbait oker dabilela sentituko du, zerbait arraroa sumatuko du eta beti egongo da alarma egoeran. Irakurleak bere gaitasunak eta adimena erabili beharko ditu. Erabaki txar batek hondamendia eragin dezakeelako… eta heriotza ere bai.