Don Inorrez taldeak Esku hutsik izeneko disko berria argitaratuko du datorren otsailaren 25ean. Imanol Ubeda musikariak gidatzen duen taldearen bigarren lan luzea da, eta dagoeneko entzungai dago albuma irekitzen duen kantua, Barre ala negar izenpean.
“Arruntegia top-zerrendan sartzeko, zaharregia gaztetxeetan jotzeko”, bezalako esaldiak aurkituko ditugu aurrerapen kantu honetan, baina egilearen hitzetan gehiago du ironiatik desesperaziotik baino.
Dardara hura (2019) singlean americana estilora gerturatu ondoren, lan berrian Mugiro bila lehen diskoko power-pop ildora itzuli da Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetako kide ohiaren proiektua. Orduko formula errepikatu dute, hain zuzen ere: Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatu dituzte hamar kantu berriak eta musikari talde bera izan du alboan Ubedak: Karlos Aranzegi (bateria eta perkusioa), Jacob Reguilon (baxua eta teklatuak) eta Paco Loco (gitarra, teklatuak eta hotsak). Azken honek egin du ekoizpen artistikoa ere.