Emakumeen indarra islatzen duen diskoa kaleratu du Amak taldeak

Posted on 2021-06-03 by KulturSharea

Zortzi kantuz osatuta, eserita entzuteko lana ondu du laukote gipuzkoarrak.

Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kristina Solanok ezustean sortu zuten Amak izeneko taldea, beraiek bilatu gabeko zerbait izan zela diote. Izan ere, 2018an Oñatiko Trikitixa jaialdian parte hartzeko deitu zituzten lau musikariak. Hauek proposamena onartu eta lau bat kantu prestatu zituzten saio horretan jotzeko. Ordutik hona, han eta hemen eskaini dituzte emanaldiak. Iaz, esaterako, hogei bat kontzertu eman zituzten. Emanaldi horietan, “gure kanten bertsioak edota euskal kantagintzako gure gustuko kantak hartu, horiek moldatu eta zuzenean ematen genituen”, azaldu du Telletxeak.

Baga Biga diskoetxetik disko bat sortzeko proposamena heldu zitzaien ondoren, eta taldeak bere kanta propioak grabatu eta plazaratzeko aukera ikusi zuen, “hasieran ez genuen diskoetan pentsatzen, baina azkenean sartu eta gustura geratu gara”, aitortu dute.

Taldeak gaur egin du lehen diskoaren aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean, eta “oso disko melodikoa dela aipatu dute. “Kantu guztiak ez dira dantzagarriak”, azpimarratu du Lizarribarrek, “beti erlazionatzen da trikitia dantzarekin, festarekin, txirrindulari lasterketarekin eta azokarekin, eta ez da horrela, trikitia lasai-lasai eserita entzun daitekeen musika ere bada”. Diskoan, beraz, trikitixa dantzagarria, kalejirak eta arin-arinak izateaz gain, baladak, vals-a, eta pausatuago entzuteko doinuak ere badira.

Hitzei dagokienez, Karmele Jaiorenak dira Zure izena eta Bai ama kantak eta Onintza Enbeitarenak Atsolorra eta Amorra zaitez. “Emakume garen aldetik, emakumearen indarra eman nahi izan diogu diskoari”.

Diskoa Xabi Solanok ekoiztu du Hernanin, eta Jaio eta Enbeitaz gain, hainbat kolaborazio izan dituzte lana ontzerako orduan: Arkaitz Miner (mandolina, gitarra akustikoa, biola, tiplea eta bibolina), Txus Aranburu (teklatuak), Zigor Dz (samplerra) eta Arkaitz Bastarrika (baxua).

Diskoaren aurkezpen kontzertua bihar izango da Bergarako Seminarixuan eta datozen asteetan, Errezilen, Aian, Arrasaten, Orion edota Zumarragan, besteak beste, eskainiko dituzte kontzertuak. Webgunean jarri dituzte data guztiak ikusgai.

You may also like

Pertsonen arteko harremanetan sortzen diren pitzadurei Olatz Mitxelenaren lehen liburuan
Posted on 2023-03-31 by KulturSharea
Idazleak 24. Igartza saria jaso zuen 2021eko irailean, idazle gazteei [...]
Eire taldeak ‘Amaitu baino lehen’ kanta eta bideoklipa plazaratu ditu
Posted on 2023-03-30 by KulturSharea
Eire taldea Eire Maia eta Eire Salegi zumaiarrek osatzen dute. [...]
Seiurte taldeak ‘Cabo Cañaveral’ diskoak dakarren ‘Neoizko kaleetan’ kantaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2023-03-17 by KulturSharea
Abestiak etorkizunik ikusten ez duen eta hiriko lekurik nahasi eta [...]
Modus Operandi taldeak ‘Zure bihotzetik onena’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2023-03-09 by KulturSharea
Modus Operandi taldeak Zure bihotzetik onena abestia eta bideoklipa [...]
Thriller politiko batekin itzuli da Eneko Bidegain idazle eta kazetaria literaturara
Posted on 2023-03-02 by KulturSharea
Bichta éder eleberria egungo gizartearen kontraesanen ispilu da: [...]
Haize-arrosa talde berriak ‘Tortolaraino’ kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2023-03-01 by KulturSharea
Boskote bizkaitarren kantuetan folk-rock, Irish-folk-rock, pop-rock, [...]

Page 11 of 59

Zabaldu: