Eva Perez-Ponsek ‘Zaharkitze programatua’ poesia liburua aurkeztu du

Posted on 2020-07-07 by KulturSharea

Perspektiba feminista batetik heldu dio liburuari Lemoako idazleak. Perez-Ponsek Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia saria irabazi zuen iaz lan honekin.

Zaurgarritasuna da Zaharkitze programatua liburuko poemak zipriztintzen dituen gaia, izan ere, gorputzak presentzia handia du Eva Perez-Ponsek (Lemoa, 1996) idatzitako liburuan. Hala, egileak garai hauetan prekarizazio egoerak geroz eta bortitzagoak direla mahaigaineratu nahi izan du bere aurreneko lan honekin.  “Sentitzeko, bizitzeko eta lan egiteko eskemak geroz eta zurrunagoak dira”. Horregatik,  “indibidualismoa eta produktibismoa bezalako baloreek gure osasun mentalari nola eragiten dieten, horren adierazle nagusia gorputza izanik” erakutsi nahi izan du. Hortik dator, hain zuzen, Zaharkitze programatua izenburua, “makinak edo automatak bilakatu nahi gaituzten honetan, gailu elektronikoei gertatzen zaien moduan, gu ere atzeratuta geratu gaitezke, atzean geratze horrek dakarren guztiarekin”.

Egileak liburua idatzi ondoren, irakurri eta bere buruarekiko kontraesan askorekin topo egin duela aitortu du, eta eguneroko praktika feministarekin talka ere egin dezaketela uste du, “zentzu horretan liburu hau ariketa bat izan da kontraesan horiei heltzeko eta zerk sortzen dituen aztertzeko”. Hala ere, aldarrikapen eta salaketarako tarteak ere badaudela azpimarratu du. Horretaz gain, “hainbeste dramatismoren artean, erotismoari eta desirari tartetxo bat eskaini nahi izan diet, betiere begirada despatriarkalizatu batetik”.

Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak, bere aldetik, idazleak gaurkotasun handiko poemarioa idatzi duela adierazi du, “gaur egungo gaia eta formekin eta gaur egungo kontatzeko moduekin” ondu du liburua “Lehenengo poematik perspektiba feminista batetik ari zaigu idazlea, maitatzeko moduez, erotismo asko dago liburuan, gorputzaren presentzia dago, sistemaz ari da, biolentziaz ari da, harremanen botereaz ari da”, azaldu du Mujikak.

Perez-Ponsek Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzan gradua egina du eta Ikasketa Feministen eta Generokoen Masterra egiten ari da. Zaharkitze programatua poema bilduma du bere lehen literatura lana. Idazleak Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia saria irabazi zuen iaz lan honekin.

You may also like

Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’ osorik ikusgai
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
Azken aurreko manifestua izenburuko testua errezitatu zuen Harkaitz [...]
Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko dokumentala sortu dute
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez [...]
‘Käffka’ antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da
Posted on 2018-11-30 by KulturSharea
'Käffka' antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da Bilboko Pabellon [...]
Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, ‘Klika KORRIKA 2019’ abestiaren erritmora
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Gaur aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia Bilbon: Klika Korrika 2019 [...]
Diskorik “elektronikoena” argitaratu du Esne Beltza taldeak
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Ni izeneko zazpigarren lana aurkeztu du gaur Esne Beltza taldeak. [...]
Folka oinarritzat hartuta, ´Gaur´ diskoa kaleratu du Ertzak taldeak
Posted on 2018-11-27 by KulturSharea
Ertzak Hirukoaren lehenengo diskoa da gaur hedabideen aurrean aurkeztu [...]

Page 54 of 57

Zabaldu: