Iñigo Antsorregik depresioa lehen lerrora ekarri nahi izan du ‘Nire minaren etxean’ saiakerarekin

Posted on 2022-10-30 by KulturSharea

Egileak broma giroan kontatu nahi izan du bere prozesua, “liburuan ni naiz txantxa eta txisteen biktima nagusia, nire buruari berriro barre egiteko beharretik jaio da liburu hau.

Iñigo Antsorregi gidoilariak (Azkoitia. 1994) bigarren liburua kaleratu du Nire minaren etxean (Elkar) izenburupean, aurretik Katu (2019) plazaratu zuen eta tartean depresioak jota ibili da. Orain, lanketa sakona egin ostean, zulo beltzetik ateratzea lortu du eta garai latz horretan bizitakoa bildu du Donostian aurkeztu duen lan berrian.

“Garai batean uste nuen ezingo nuela inoiz berriro idatzi, uste nuen ez nuela inoiz gehiago libururik argitaratuko, ez nuen uste inoiz berriro familia eta lagunez inguratuta egongo nintzenik, isolatuta nengoen eta ohetik altxatzea sekulako erronka zen, hilda egon nahi nuen depresioak horraino eraman ninduelako eta, hain zuzen ere, garai horretaz hitz egin dut liburuan”, adierazi du.

Egileak broma giroan kontatu nahi izan du bere prozesua, “liburuan ni naiz txantxa eta txisteen biktima nagusia, nire buruari berriro barre egiteko beharretik jaio da liburu hau, nire sormena blokeatzen zuen gaiari buruz idatzi nahi nuen. Azken finean, umoreak laguntzen bait dit ni neu mundu gero eta petral eta ilunago honetan kokatzen, beraz liburu honetako zerbaitek barregura eragiten badizue, baina aldi berean ez bazarete ausartzen barre egitera, nire baimena duzue, egin nitaz barre lasai, horixe bait da helburuetako bat”. Antsorregiren ustez, gainera, umoreak estigmak kentzerako orduan asko laguntzen du.

Xabier Mendiguren editorearen esanetan, idazleak tonuan asmatu du, baita esatekoan eta erritmoan ere.

Komunikabideetan osasun mentalaz asko hitz egiten den garai honetan, Antsorregik dio askotan alperrik dela laguntza eskatzea, laguntza hori ez bada existitzen, “oso esaldi arina da norbaiti laguntza eskatzeko esatea, gero laguntza hori hiru hilabetera iristen bada edo seira, jada berandu izan daitekeenean. Eta bai, beti izan da garrantzitsua osasun mentalaz hitz egitea, baina konbertsazio horiek nazioarteko egunez eta poster politekin jantzitako egunez haratago eramateko unea da, lan asko eta gogorra dugu aurretik”, nabarmendu du idazleak. Hitzei benetako indarra eman eta ekintzara pasatzeko unea dela dio, “bizitza asko salbatu behar ditugu oraindik, salbatzerik izan ez genituenei zor diegu horrenbeste”. Antsorregik azpimarratu du batzuk badutela egoera aldatzeko bezainbeste botere, “jarri baliabideak herritarren eskura”, aldarrikatu du.

Antsorregirentzak gaiarekin erreferente diren Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreek idatzi dituzte hitzaurreak, izan ere, liburua berarena bakarrik ez izatea eskatu dio gorputzak.

You may also like

‘Inorren lurretan’ diskoa kaleratu du Eraso taldeak
Posted on 2018-10-10 by KulturSharea
Bi urteren ostean, Inorren lurretan izenpean kaleratu berri du Eraso [...]
Kantagintzaren gaineko gogoeta egin du Gotzon Barandiaranek argitaratu duen saiakeran
Posted on 2018-10-09 by KulturSharea
Hitzen ahairea (Susa ) izenpean dator Gotzon Barandiaranek ondu duen [...]
1555657

Page 57 of 57

Zabaldu: