Iñigo Martinez Peñak pantailen garaipenari erreparatu dio kaleratu berri duen saiakeran

Posted on 2023-03-14 by KulturSharea

Idazleak 2021ean plazaratu zuen Mandamendu hipermodernoak saiakeraren jarraipena da Pantailen Garaipena izeneko lan berria.

Iñigo Martinez Peña filosofia irakasle eta idazleak (Gasteiz, 1975) Pantailen Garaipena, begiradaren totalitarismoaren kontra saiakera kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. 2021ean plazaratutako Mandamendu hipermodernoak saiakeraren jarraipena da lan berria, eta, honetan, “gure garaian batez ere indarra daukaten bi kontu daudela planteatzen da: zifrak eta irudiak”, azaldu du idazleak.

Aurreko liburuan zifren eta zenbakien ideia aztertu zuen gasteiztarrak, oraingoan, berriz, irudien eta pantailen garaipenaren erpina izan du kontuan, “azken batean, zifrak izan edo irudiak izan, bietan hitzaren pobretzea dago. Zentzu horretan, pantailen presentziak gure eguneroko bizitza erabat harrapatu du”. Egilea kapituluz kapitulu begiradaren eta horretan txertaturik dauden pantailen garaipena aztertzen saiatu da liburuan, ia espazialki puntu kardinal desberdinak aztertuz, “izan Goitik behera kapituluan, satelitea guri begira, izan Barrura begira atala eta bertan azaltzen diren eskanerrak eta erresonantzia magnetikoak, izan Atzera begira eta memoria zibernetikoan nola guk geuk batu egiten dugun argazkia eta bideoa agian gero berriro ere ikusteko tarterik izango ez badugu ere, izan Aurrera begira kapituluan  eta bertan ageri den bizitzaren aurreikuspen digitala, gure edozein aztarna nolabait harrapatzeko prest, gero erosketa proposatzeko eta etorkizunezko merkantziak guri saltzeko, edo izan Ispiluaren aurrean nolabaiteko selfien garrantzia azaltzeko. Harritzen nauena da zenbat hildako egon diren selfie borobil baten bila azken urteetan”, azaldu du Martinezek.

Liburuan bada Begiak edonon izeneko beste kapitulu bat. Honetan, hiriak kamerez beteak daudela azaltzen da, baita lanpostuetan ere. Idazleak une oro begirada baten menpe egotearen ondorio psikologikoa zein den planteatzen du atal honetan.

Egileak uste duenez, “bigilantziaren gizarteak konfiantzaren krisia ekarri du”, eta liburuaren amaieran bide bat utzi nahi izan dio erresistentzia guneak pentsatzeari. Hala, ikusezinaren aldeko aldarria egiten du, “ikusezina pedagogian, zer inportantea den haurrentzako ez egotea une oro nagusi baten begiradapean, ikusezina politikan eta agian ikusezina ere erotikan gizarte pornografikoari pixka bat aurre eginez”.

Olatz Mitxelena filosofo eta idazleak idatzi du liburuaren hitzaurrea eta halaxe dio bertan: “Iñigo Martinez Peñak begi zorrotza duela esan nezake eta gure gizartearen argazki izugarria eskaintzen digula, baina nahiago dut esan usaimen fina duela. Eta ezin uka: usain txarra du bizi garen gizarteak. Liburuan aurrera egin ahala, kiratsa: botereak erabat garden nahi gaitu, boterea bera sekula garden izango ez den arren; kaleak eta lanpostuak bideozaintzaz beteta dauzkagu eta etengabe zelatatzen gaituzte; nahiago dugu GPSari itsatsita egin bidea, bila gabiltzana non dagoen ingurukoren bati galdetu baino; kaleak gehiegi argiztatzeak loaren kalitatean eragiten digu, besteak beste; paisaia edo leku berri batera iritsita, hura argazkietan jasotzen tematzen gara, momentua disfrutatzea ahaztuta; giza jokabideen determinismoa aurreikusten ahalegintzen gara, erabakiak hartzeak dakarren erantzukizunak izututa-edo. Kaleidoskopio zoro batean bizi gara.

Liburuko lerroetan ez dago, ordea, galdutako paradisuen nostalgiarik, iragandako garaietara itzultzeko gogorik: garai guztiek dituzte beren argi-ilunak, beren lurrin eta kiratsak. Hauxe da guri egokitu zaiguna. Gakoa begirada aztertzea da, eta aldatzea: nola egin bizigarriago bizi dugun mundu hau? Nola berreskuratu, begiaz harago, gorputz osoa? Nola lortu komunitatearen indarra? Ahazteko eskubidea? Etorkizun posible guztiak irudikatzekoa? Nola urratu erabakien eta erantzukizunen bideak? Konfiantzarenak? Nola jarraitu elkarrizketan?”.

You may also like

‘Käffka’ antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da
Posted on 2018-11-30 by KulturSharea
'Käffka' antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da Bilboko Pabellon [...]
Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, ‘Klika KORRIKA 2019’ abestiaren erritmora
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Gaur aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia Bilbon: Klika Korrika 2019 [...]
Diskorik “elektronikoena” argitaratu du Esne Beltza taldeak
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Ni izeneko zazpigarren lana aurkeztu du gaur Esne Beltza taldeak. [...]
Folka oinarritzat hartuta, ´Gaur´ diskoa kaleratu du Ertzak taldeak
Posted on 2018-11-27 by KulturSharea
Ertzak Hirukoaren lehenengo diskoa da gaur hedabideen aurrean aurkeztu [...]
Txapelpunken ´Zortziak´, 20. urteurreneko bideoklipa
Posted on 2018-11-26 by KulturSharea
Txapelpunk taldeak Zorionak nire partez niretzako izeneko diskoa [...]
´100 alargunen dantza´:  Bermeoko galernaren historia
Posted on 2018-11-22 by KulturSharea
´100 alargunen dantza´ Thierry Biscaryk argitaratutako ‘Manex eta [...]
‘Raggamuffin Kamarada’, Suaia eta Ama Rebel taldearen aurkezpen kantua
Posted on 2018-11-22 by KulturSharea
(Argazkia: Taupaka elkartea) Suaia eta Ama Rebel taldeak hilaren 27an [...]
‘Roman eta Julieta’ antzezlanaren estreinaldia izango da bihar Azpeitian
Posted on 2018-11-16 by KulturSharea
  Borobil antzerki taldearen azken lana bihar, gaueko 21:30ean, [...]
´Ur berri, urte berri´, Igelaren Bandaren proiektu berria
Posted on 2018-11-15 by KulturSharea
(Bideoaren egilea: Elkar) Bixente Martinez musikari ezagunak [...]

Page 53 of 55

Zabaldu: