Lourdes Oñederra idazleak ‘Azken batean’ hirugarren eleberria plazaratu du

Lourdes Oñederra idazleak Azken batean hirugarren eleberria plazaratu du Erein argitaletxearen eskutik. Honetan, Elisa eta Elixabete ama-alabak dira protagonista nagusiak eta bien arteko harremana jorratzen da. Horretaz gain, identitateaz, denboraren joanaz eta duintasunaren aldeko borrokaz egiten du gogoeta eleberriak.

Protagonistek iraganeko oroitzapen eta zaurien artean, elkarrenganako harreman konplexua eta familiako sekretu mingarriren baten itzala kudeatzen dituzte. Galdutako maitasun banaren ondoko bakardadeari eta memoriari aurre egiten dieten bitartean, identitateari, erruari eta distantzia emozionalari buruz hausnartzen dute. Euskal Herria eta Amerikaren arteko bidaia batean, historiak lotura ikusezinak ehuntzen ditu, izan zenaren eta inoiz izango ez denaren artean harrapatutako bizitza markatzen dutenak.

Erein argitaletxearen arabera, “eleberri honek begirada sakona eskaintzen die indarkeriaren zauri oraindik irekiei, baina baita oroimenari, familiari eta Euskal Herriko historia hurbilean emakumeak izan duen paperari ere. Pertsonaien bidez, isiltasunaren eta erruaren pisua arakatzen du, erakutsiz nola biktimak askotan ikusezin bihurtu diren eta nola gizarteak aurre egin dien indarkeriari, justifikazio ideologikoari eta adiskidetzearen beharrari”.

Egile donostiarrak, baina, ama-alaba harremanaren garrantzia eta gerraosteko emakumearen rola ere erakusten ditu. “Ama figura klabe gisa agertzen da, euskal emakume askoren erresistentzia isila haragituz”.

You may also like

Pettik 25 urteko ibilbidean ondutako abesti rockero eta potenteenak biltzen dituen zuzeneko diskoa plazaratu du
Posted on 2025-10-09 by KulturSharea
25 urte bete dira Petti musikari eta abeslariak bakarkako lehen diskoa [...]
1977tik 1980ra Joseba Sarrionandiak idatzitako zinema kritikak liburu batean bildurik
Posted on 2025-09-25 by KulturSharea
Buñuel, Kubrick, Chaplin, Bertolucci, Eisenstein, Pasolini, Bergman, [...]
Maitena Illarramendik eta Iñigo Sarasola marrazkilariak ‘Kateriñe’ izeneko komikia plazaratu dute
Posted on 2025-09-18 by KulturSharea
Maitena Illarramendik eta Iñigo Sarasola marrazkilariak ondu dute lana [...]
Aitziber Etxeberriak etorkizun hurbil bat irudikatu du, ustezko gizarte hobeago batek dituen gabeziekin
Posted on 2025-06-25 by KulturSharea
Nobela hau idazterako orduan bi kezka nagusi izan ditu buruan egileak: [...]

Page 3 of 62

Zabaldu: