Nerea Arrien idazleak etxeari buruzko gogoeta bat dakar ‘Etxegabetuak’ eleberrian

Posted on 2021-01-15 by KulturSharea

Ametsez, iraganez edota nostalgiaz eraikitako etxeetan jarri du arreta Lekeitioko idazleak.

Adreiluzkoak dira kaletik ikusten ditugun etxeak, baina badira adreiluarekin inoiz eraikiko ez diren beste etxe mota batzuk ere: ametsez, iraganez edota nostalgiaz sortu diren horiek, zerbait abstraktuaz osatuak izan dira “eraikin” mota hauek.  Nerea Arrien (Lekeitio, 1976) idazleak etxeari buruzko gogoeta bat dakar gaur Donostian aurkeztu duen Etxegabetuak (Erein) liburuan.

Libe dugu eleberri honetako protagonista, etxegabetua izan da, “adreiluzko etxea kendu diote”, dio Arrienek, baina narrazioan zehar, “ametsak eraikiko ditu, irudimena handituko du, eta nostalgiak oso paper garrantzitsua izango du guzti honetan”. Ikusezinak diren etxe horiei arreta jarriz ondu du liburua idazleak, “Liberi etxea kenduko diote, baina saiatuko da beste etxe hori eraikitzen. Liburu hau etxe abstraktu hori eraikitzeko saiakera bat da ”.

Pandemian idatzitako liburua da Etxegabetuak, nahiz eta hazia lehenagotik zeukan buruan Arrienek, “pandemia baino hilabete lehenago, etxe ondoan dagoen parke batean gure amamek gantxilloz egiten zituzten petatxuzko manta bat ikusi nuen, aulkian ederto jarrita zegoen, ondoan poltsak eta egunero bizitzeko behar diren gauzak: arropa, kafetera bat… hor zegoen, baita ere, parkean bizi den jendea ”. Panorama horrek bereziki hunkitu zuen idazlea, “egoera prekario horretan etxe polit bat egiteko ahalegin bat ikusi nuen. Etxearen ideia hori barruan neukan jada: Zer da etxe bat? etxe bati zer eskatzen zaio?… beti ulertu dugu etxe batek babesa ematen duela”. Pandemia etorri zen gero, eta denok etxean egotera behartu gintuztenean, Arrienentzat etxeak beste adiera batzuk hartu zituen, “etxea eskola zen, gimnasioa, medikua… hasierako babesleku horrek beste esangura bat hartu zuen orduan”, eta hala, orain eskuartean dugun liburua idazteari ekin zion.

Egileak pandemian egon den kontraesana ere irudikatu nahi izan du, “helduok eraiki ditugun lubakiak neskatila batek bere begiradarekin nola apurtzen dituen erakutsi nahi izan dut”. Liburuaren abiapuntua da jende asko etxerarazi zuten bitartean, beste batzuk etxegabetu zituztenean sortu zen egoera, “batzuk etxean sartu eta beste batzuk etxetik atera, lehenengo kontraesana hortik hasten da, baina, aurrera egin ahala narrazioak ertz asko izango ditu, eta lubaki horiek Liberen begiradan ezabatuko dira pixkanaka. Bidaiaren amaieran protagonistak ez du pentsatuko birusaren modukoa denik, izan ere, “birusari ere etxea kentzen diogu eskuak garbitzerakoan, hori da birusa hiltzeko modua eta bera ere etxegabetua denez, birusaren alde kokatuko da hasiera batean, baina amaieran beste ikuspegi bat izango du”.

You may also like

Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’ osorik ikusgai
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
Azken aurreko manifestua izenburuko testua errezitatu zuen Harkaitz [...]
Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko dokumentala sortu dute
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez [...]
‘Käffka’ antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da
Posted on 2018-11-30 by KulturSharea
'Käffka' antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da Bilboko Pabellon [...]
Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, ‘Klika KORRIKA 2019’ abestiaren erritmora
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Gaur aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia Bilbon: Klika Korrika 2019 [...]
Diskorik “elektronikoena” argitaratu du Esne Beltza taldeak
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Ni izeneko zazpigarren lana aurkeztu du gaur Esne Beltza taldeak. [...]

Page 54 of 57

Zabaldu: