Nerea Balda idazleak ‘Azpimarrak’ eleberria plazaratu du

Posted on 2023-05-22 by KulturSharea

Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu Irurtzungo idazlearen lan berriak.

Nerea Baldak (Irurtzun, 1975) Azpimarra izeneko eleberri laburra aurkeztu du gaur Donostiako Udal Liburutegian. Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu lanak, “nire lagun batek bigarren eskuko liburu bat erosi zuen eta bertan ikusi zuen aurreko jabea aspaldiko ezagun bat zela”, kontatu du idazleak Erein argitaletxearekin egindako aurkezpenean. Gertaera hori polita iruditu zitzaion idazle nafarrari eta hortik abiatuta liburuaren istorioa sortzea erabaki zuen. Beraz, bigarren eskuko liburu batekin eta aspaldiko bi ezagunekin ondu du Azpimarrak eleberria.

Egileak azaldu duenez, “aspaldiko bi ezagun hauek, Selva eta Andreu, pertsonaia nagusiak dira eleberri honetan”. Kontakizuna, hala ere, Selvaren istorioarekin hasten da eta horrek eraman zuen idazlea Andreurengana. Bi pertsonaia hauen ikuspuntuak tartekatzen dira liburuan eta horrela kontakizun nagusia osatzen joaten da. Selvak ama izan nahi du, baina ezusteko batek kolokan jarri dio erabakia. Autobusean, liburu bat topatu du, azpimarrez beteta, eta horren bitartez aurkitu du Andreu, gaztetan ezagutu zuen mutila. Punta s’Arenellako itsasargia da bien abiapuntua; iraganera gerturatu ditu, eta, halaber, elkarren zalantza eta minetara.

Gaiari dagokionez, maitasunak hartzen du garrantzi handiena, baina “maitasuna zentzu zabalenean”, azpimarratu du Baldak. “Bikote harremanak, baina horrek ekartzen dituen erabakiak, zalantzak, beldurrak, familiaren eragina, amatasuna, aitatasuna… izan dira gero, idazterakoan, garrantzia ere hartu duten gaietako batzuk”.

Liburu honen proiektuarekin Ramiro Pinilla eleberri laburren bosgarren lehiaketa irabazi zuen Baldak iazko irailean eta Uxue Rasquin Ereineko editorearekin egindako lanketa baten ondoren aurkeztu du lana idazleak.

You may also like

Laba, euskara bazterretik erdigunera eramango duen proiektua aurkeztu dute
Posted on 2021-06-11 by KulturSharea
Euskaldunen komunitatearentzako eta harengana hurbildu nahi duten [...]
Asel Luzarragak ‘Malthusen ezinegona’ izeneko eleberri distopikoa aurkeztu du
Posted on 2021-06-03 by KulturSharea
Idazleak adinaz, denboraren kudeaketaz, bizitzaren helburuaz, gizon [...]
Emakumeen indarra islatzen duen diskoa kaleratu du Amak taldeak
Posted on 2021-06-03 by KulturSharea
Zortzi kantuz osatuta, eserita entzuteko lana ondu du laukote [...]
Gatibu taldeak ‘Egunero’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2021-05-28 by KulturSharea
Gatibu talde bizkaitarrak Egunero abestiaren bideoklipa aurkeztu du. [...]
‘Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola’ jardunaldia
Posted on 2021-05-28 by KulturSharea
Sarrera: Lorea Agirre Dorronsoro (Jakin Fundazioko zuzendaria) [...]
Eñaut Elorrietak Zarauzko Lizardi institutuan eskainitako saioa
Posted on 2021-05-28 by KulturSharea
Musikariak ikastetxean programaren barruan, Eñaut Elorrieta Zarauzko [...]
Potx eta Lotx pailazoek ‘Pilota berria’ izeneko kanta aurkeztu dute
Posted on 2021-05-23 by KulturSharea
Potx eta Lotx pailazoek Pilota berria izeneko kanta aurkeztu dute. [...]
Zea Mays taldeak ‘Adore’ izeneko EP berria eta bideoklipa arkeztu ditu
Posted on 2021-05-21 by KulturSharea
Bi abestiz osatutako EPa eta Adore izeneko aurrerapen kantua aurkeztu [...]
Zuen ahotsa taldeak ‘Naizena naiz’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-05-14 by KulturSharea
Iazko itxialdian ezagutu genuen Zuen ahotsa taldea, eta dagoeneko [...]

Page 22 of 57

Zabaldu: