Nerea Balda idazleak ‘Azpimarrak’ eleberria plazaratu du

Posted on 2023-05-22 by KulturSharea

Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu Irurtzungo idazlearen lan berriak.

Nerea Baldak (Irurtzun, 1975) Azpimarra izeneko eleberri laburra aurkeztu du gaur Donostiako Udal Liburutegian. Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu lanak, “nire lagun batek bigarren eskuko liburu bat erosi zuen eta bertan ikusi zuen aurreko jabea aspaldiko ezagun bat zela”, kontatu du idazleak Erein argitaletxearekin egindako aurkezpenean. Gertaera hori polita iruditu zitzaion idazle nafarrari eta hortik abiatuta liburuaren istorioa sortzea erabaki zuen. Beraz, bigarren eskuko liburu batekin eta aspaldiko bi ezagunekin ondu du Azpimarrak eleberria.

Egileak azaldu duenez, “aspaldiko bi ezagun hauek, Selva eta Andreu, pertsonaia nagusiak dira eleberri honetan”. Kontakizuna, hala ere, Selvaren istorioarekin hasten da eta horrek eraman zuen idazlea Andreurengana. Bi pertsonaia hauen ikuspuntuak tartekatzen dira liburuan eta horrela kontakizun nagusia osatzen joaten da. Selvak ama izan nahi du, baina ezusteko batek kolokan jarri dio erabakia. Autobusean, liburu bat topatu du, azpimarrez beteta, eta horren bitartez aurkitu du Andreu, gaztetan ezagutu zuen mutila. Punta s’Arenellako itsasargia da bien abiapuntua; iraganera gerturatu ditu, eta, halaber, elkarren zalantza eta minetara.

Gaiari dagokionez, maitasunak hartzen du garrantzi handiena, baina “maitasuna zentzu zabalenean”, azpimarratu du Baldak. “Bikote harremanak, baina horrek ekartzen dituen erabakiak, zalantzak, beldurrak, familiaren eragina, amatasuna, aitatasuna… izan dira gero, idazterakoan, garrantzia ere hartu duten gaietako batzuk”.

Liburu honen proiektuarekin Ramiro Pinilla eleberri laburren bosgarren lehiaketa irabazi zuen Baldak iazko irailean eta Uxue Rasquin Ereineko editorearekin egindako lanketa baten ondoren aurkeztu du lana idazleak.

You may also like

ETS taldeak Süne musikariarekin ‘Gu geu garena’ abestia eta bideoklipa plazaratu ditu
Posted on 2023-06-09 by KulturSharea
Abestiak emeki-emeki garamatza bozkarioaren eztandara, dantzaren [...]
Basauriri aitortza egin nahi izan dio Mari Luz Estebanek ‘Haragizko erreformak’ poema liburuan
Posted on 2023-05-30 by KulturSharea
Idazleak Euskal Herrian bere kokatze eta euskaldun bihurtu eta [...]
Sara Zozaya abeslari donostiarrak ‘Caravan’ izeneko kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2023-05-19 by KulturSharea
Abeslari donostiarraren Nara lehen diskoaren bigarren aurrerapen kanta [...]

Page 7 of 57

Zabaldu: