Uxue Alberdik eta Araiz Mesanzak ‘Hili’ album ilustratua kaleratu dute

Posted on 2021-09-13 by KulturSharea

Heriotzaren inguruan, Alberdik izandako hainbat burutapen eta galdera, eta baita seme-alabei eta beste haur batzuei entzundakoak ere biltzen dira lan honetan.

“Adin batetik aurrera, hil egingo garela ulertzen dugu, ulertzen saiatzen gara”, horixe da proiektuaren abiapuntuko hausnarketa. Uxue Alberdi idazleak eta Araiz Mesanza ilustratzaileak aurkeztu dute lana gaur, Donostiako Udal liburutegian.

Alberdik azaldu duenez, Hili (Elkar) hiltzeari buruzko pentsamenduekin, galderekin, burutazioekin eta ilustrazioekin osatuta dagoen album ilustratu bat da. “Umetan hil egingo garela ohartzen gara momentu batetik aurrera, eta hiltzeaz pentsatzen hasten gara, hiltzea zer den ulertu nahi dugu eta beti ihes egiten digu zerbaitek. Iruditzen zait hiltzearen ideiarekin daukagun dialogo hori bizitza guztian zehar luzatzen dela, hainbat momentutan, normalean bakarka eta isilka”, adierazi du.

Album ilustratu honetan biltzen dira Alberdik izandako hainbat burutapen eta galdera eta baita seme-alabei eta beste haur batzuei entzundakoak ere. “Hiltzearen ideia inguratzen da, ezin delako zuzenean pentsatu, beraz, galde-erantzunen bitartez, elkarrizketa txikien bitartez, hitzez osatutako irudien bitartez, poematxoen bitartez, galdera sorten bitartez, naturaren ingurukoak, unibertsoaren ingurukoak… ideia horri hurbiltzen gara edo inguratzen dugu”, adierazi du.

Idazleak aspalditik zeukan galdera eta burutazio zerrenda luze bat gaika eta formaka antolatuta, “badago trama bat ez den halako bide bat” eta hori antolatzeko, galdera horien atzean dauden adin diferenteetako kontzientzia horiek islatzeko bi pertsonaia sortu ditu Mesanzarekin batera: “lehena neska bat da, oso presentzia indartsua daukana, eta aldi berean sosegu handia, jakin-mina eta inteligentzia transmititzen duena”. Bestea neskaren panpina da, “aldi berean bere ispilua dena, bere laguntzailea, bere alter egoa, batzuetan bere ordezkoa. Suposatzen da neska dela bizirik dagoena eta panpina hilik dagoena, baina batzuetan panpina bizi-bizirik dagoela dirudi eta neska, aldiz, inerte. Batzuetan elkarrizketa beraien artekoa da, beste batzuetan bakarrizketa da”.

You may also like

Tartean Teatroak Simplicissimus antzezlana osorik jarri du sarean ikusgai
Posted on 2022-06-14 by KulturSharea
Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniar nobela pikareskoaren izenburua [...]
Adinekoen munduak dakartza Maixa Zugasti idazleak ‘Atarian’ eleberrira
Posted on 2022-06-06 by KulturSharea
Eleberria hiru ahotsetan dago idatzita: bi adineko pertsonenak dira [...]
Lizar Begoña idazleak ‘Gepardo japoniarrak poema liburua kaleratu du
Posted on 2022-05-26 by KulturSharea
Palmondoak, abereak, belar txarrak, Bergman, Brontë, Oteiza, Le Guin [...]
Amatasunari eta feminismoari buruzko testigantzak
Posted on 2022-05-06 by KulturSharea
M ama eme ume izeneko liburua gaur aurkeztu dute Donostian, Elkar [...]
Arantxa Urretabizkaia idazleak ‘Azken etxea’ eleberria aurkeztu du
Posted on 2022-04-21 by KulturSharea
Zahartzaroaren estereotipoekin apurtzen duten pertsonak dira liburuko [...]

Page 14 of 57

Zabaldu: