(argazkia: Tobacco Days)

Ane Labaka, Beatriz Egizabal eta Mikel Gurrearen antzezlanak Ganbila bilduman

Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.

Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri aurkeztu dituzte gaur, Donostian: Ane Labaka, Beatriz Egizabalen Erradikalak eta Mikel Gurrearen Soka.

Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.

Ane Labaka bertsolaria eta Beatriz Egizabal bakarrizketalaria plazaz plaza ibili dira 2017tik Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunekin. Bertan, neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gairi buruz kantatu eta kontatu dute bakarrizketa eta bertsoen bitartez, umoretik, generoen arteko desparekotasunak ez ezik feministon kontraesanak ere agerian utziz. Hain zuzen ere, emanaldi horietako gidoiak daude bilduta Erradikalak liburuan, egileek obrari buruz idatzitako testu batekin eta Jule Goikoetxearen hitzaurrearekin batera. “Hibrido moduan sailka dezakegun lana da hau, bertsogintzatik eta clown mundutik eraikita baitago”, azaldu dute.

Mikel Gurrearen Soka da bigarren liburua. Azaldu duenez, “kezka batetik abiatu zen gidoia idazteko txinparta”. Jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Susa argitaletxearen arabera, “egileak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez hitz egiten du obra honek. Bertolt Brecht-ek egiten zuen antzera, gai bat paratzen digu begien aurrean, distantzia hartzen dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan guk gure istorioa idatz dezagun. Gurrea zinemagilea ere bada, eta nabari da: zinematografikoa da oso darabilen idazkera. Tanttaka Teatroak eszenaratu zuen obra, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktore zela”. Liburuak Sokaren gidoia jasotzen du, Bernues eta Rikarteren testu banarekin batera.

Zabaldu: