Maialen Arocenak eta Jabier Rodríguezek 2025eko Mural’Hitz jaialdian Miarritzen egindako murala

Intx’Apain jaialdiak hamabi mural sortuko ditu Donostiako Intxaurrondo auzoan

Urriaren 30etik azaroaren 1era egingo dute hiri-arte jaialdia, euskara ardatz hartuta. Euskal Herriko eta nazioarteko artistek parte hartuko dute, eta muralismoarekin batera musika, bertsolaritza, breakdancea eta tailerrak izango dira.

Intxaurrondoko kaleak eta hormak sorkuntza-gune bihurtuko dira asteburuan, Intx’Apain hiri-arte jaialdiaren eskutik. Hiru egunetan hamabi mural margotuko dituzte auzoko hainbat txokotan, eta herritarrek artisten lan-prozesuak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

Donostia Kulturako Intxaurrondo Kultur Etxeak bultzatutako jaialdiak hainbat tokitako muralistak bilduko ditu, tartean Eva Mena, Lian Monserrate, Maialen Arocena, Jabier Rodriguez eta Andrea C. Miranda Donostialdeatik. Oliver Pusch eta XabXab etorriko dira Miarritzetik, eta Jeremy Dell’Armi, Oscar Toro Navas eta Manuel Gerullis Alemaniako Wiesbaden hiritik.

Jaialdiaren jatorria 2025ean dago, Miarritzeko eta Donostiako udalek elkarlanean antolatutako ekimenean. Muralismoa eta euskara espazio publikoan sustatzeko helburuarekin, muralak eta hitzak uztartu zituzten Miarritzen, Ipar Euskal Herriko sortzaileen eta Donostiako bi artistaren parte-hartzearekin. Aurten, Intxaurrondok emango dio jarraipena ekimenari, Intx’Apain jaialdiaren bidez.

Euskara eta auzotarren parte-hartzea

“Zein da zure hitza?” galdera izango da jaialdiaren ardatza. Artista bakoitzak euskarazko hitz edo kontzeptu bat aukeratuko du bere lanaren abiapuntu gisa, euskararen presentzia espazio publikoan sustatzeko.

Auzoko ikastetxeek eta kolektiboek ere parte hartuko dute muralen sorkuntzan. Hegoa, Lauaizeta eta Intxaurrondo ikastolez gain, Plazara Goaz elkarteak eta Urban13 kolektiboak bat egin dute egitasmoarekin.

Ostiralean, urriaren 30ean, mural kolektiboa margotuko dute Felix Gabilondo plazan, 17:00etatik 19:00etara, GKO artistaren gidaritzapean eta DJ Mikeltxiren musikarekin.

Larunbatean, Urban13 kolektiboak graffitiari, rapari eta inprobisazioari lotutako jarduerak antolatuko ditu Txaparrene bidean. From Favela kolektiboak breakdance erakustaldia eta klase irekia eskainiko ditu, eta La Basuk kontzertua emango du 20:00etan.

Muralen artean, bertsoak eta tailerrak

Larunbatean eta igandean MuralJirak egingo dituzte, auzoko esku-hartze artistikoak ezagutzeko. Lehenengo ibilbidean Intxaurrondoko hirigintza landuko dute Larraitz Esnaolarekin eta Idoia Morenorekin; igandekoan, berriz, Intxaurrondoko Bertso Eskolako kideek eta Alaia Martinek parte hartuko dute.

Igandean, 12:30ean, Nagore Legarretak Argia eta hitza: kimigrama kolektiboa tailerra gidatuko du Bernat Etxepare plazan. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da [email protected] helbidean.

Jaialdia igande eguerdian amaituko da, Bernat Etxepare plazan egingo den aperitif batekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna