Ekoizpen propioez gain, antzokiak gonbidatutako konpainien lan sarituak, euskarazko hainbat ikuskizun, Gazte Konpainiaren ekoizpen berria eta Emergenteen Zikloaren edizio berria ere hartuko ditu datorren ikasturtean.
2025-2026 denboraldiaren ondoren, Bilboko Pabellon 6k datorren ikasturterako egitarauaren lehen xehetasunak eman ditu. Guztira bost ekoizpen propio estreinatuko ditu: horietatik bi 2026 amaitu aurretik iritsiko dira oholtzara eta beste hirurak 2027ko lehen seihilekoan. Horrez gain, aurreko denboraldietako bi lan berreskuratuko ditu, eta ohiko ekimenek ere jarraipena izango dute, hala nola Emergenteen Zikloak, Antzerki Arineko Jardunaldiek eta Antzerki Amateurreko Jaialdiak.
Pelotazo! izango da denboraldiari hasiera emango dion lana. Getari Etxegarai eta Olatz Ganboaren zuzendaritzapean sortutako ekoizpenak etxebizitzaren arazoa izango du hizpide, umorea eta musika uztartuta. Abuztuaren 27tik irailaren 20ra izango da ikusgai. Ondoren iritsiko da denboraldiko euskarazko lehen ekoizpen propioa: Bizipoza, Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako komedia. Antzezlana urriaren 27an estreinatuko da Arriaga Antzokian, eta azaroaren 22ra arte Pabellon 6n eskainiko da.
2027ko lehen hilabeteetan beste hiru estreinaldi izango dira: Sería una pena que se marchitaran las plantas, Javier Liñeraren zuzendaritzapean; Arturo Ui eta bere gorakada jasanezina, Gazte Konpainiaren ekoizpen elebiduna, Galder Irustaren zuzendaritzapean; eta No hables con extraños (Fragmentos de memoria), Helena Torneroren testuarekin eta Ramon Barearen zuzendaritzapean. Horiez gain, udazkenean berriz taularatuko dituzte Muro de piedra eta Sobre los perjuicios del tabaco lanak.
Programazioak gonbidatutako konpainien hainbat ikuskizun ere bilduko ditu, besteak beste Taxidermia de una alondra, Hemingway. Enviado especial, El abrazo, Del amor al nopor, Una historia de Bilbao eta Escupir al cielo. Horien artean daude Max Sarietan saritutako lanak, txotxongilo-antzerkia, memoria historikoa, sexuaren industriari buruzko gogoetak eta Bilbori eskainitako omenaldi eszenikoak.
Emergenteen Zikloa
Abenduan egingo da Emergenteen Zikloa eta lau proposamen berri hartuko ditu, horietako bi euskaraz: Nork in dak?, Saioa Lararen sorkuntza, eta Etxea, Amahiru Antzerki Konpainiaren lana, etxebizitzaren arazoa, gazteen prekarietatea eta belaunaldien arteko harremanak ardatz dituena.
Udaberrian, berriz, Antzerki Arineko Jardunaldien hamalaugarren edizioa izango da, euskarazko eta gaztelaniazko pieza laburrekin, eta ekainean Antzerki Amateurreko Jaialdiak emango dio amaiera denboraldiari.
Gabonetako programazioari dagokionez, Mr. Boo familia osoarentzako ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 26tik 30era, eta urte berria La Virgen del Rocío se aparece porque lo ha dicho su psicólogo komediarekin hasiko dute.