Gaur abiatuko da Musikolore jaialdia Hendaian

Uztailaren 3ra bitartean, kontzertuak, zinema, dantza eta kultur topaketak izango dira, Euskal Herriko zein nazioarteko artisten parte-hartzearekin.

Hendaia munduko musiken eta kultura-aniztasunaren topagune bihurtuko da aurten ere Musikolore jaialdiaren hirugarren edizioarekin. Gaur hasi eta uztailaren 3ra arte musika, zinema eta dantza uztartuko dituen egitaraua antolatu dute, Gaztelu aretoan, Variétés zineman, Errepublika plazan eta mediatekan.

Aurtengo kartelak Euskal Herriko eta nazioarteko artistak elkartuko ditu. Horien artean izango dira Afrika Bibang algortarra, Cumbiam’bero Baionako taldea, Angelique Kidjo Beningo kantari ospetsua, eta Kolonbiako Puerto Candelaria taldea.

Hendaiako Herriko Etxeak Afrika, Latinoamerika eta Euskal Herriaren arteko musika ibilbide bat proposatuko du, tradizioak eta mugimendu garaikideen arteko kultura-nahasketa, transmisioa eta elkarrizketa sustatuz.

Kontzertuez gain, zinemak eta dantzak ere protagonismo berezia izango dute. Variétés zineman Germaine Acogny dantzari eta koreografoari buruzko dokumentalak proiektatuko dituzte, baita Senegalgo École des Sables eskolan esperientzia artistikoa bizi izan duten Ipar Euskal Herriko dantzari gazteen topaketa ere. Familientzat, berriz, Afrikan girotutako zine-ipuin musikalak eta haurrei zuzendutako film laburren saioak antolatu dituzte.

Aurtengo berrikuntzen artean, Gaztelu Zaharreko belargunean aire zabaleko agertoki berria jarriko dute, eta prezio eskuragarriak mantenduko dituzte, bi eguneko bonu berezi batekin eta doako hainbat jarduerarekin. Horrela, Musikolorek publiko guztiei irekitako jaialdia izaten jarraitu nahi du, musika eta kultur aniztasuna partekatzeko gune gisa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna