Ehunka lagun bildu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizko EHUren campusetan egindako elkarretaratzeetan, unibertsitatera sartzeko proben harira euskararen aurka egin dela salatzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko EHUren campusetan deitutako hiru elkarretaratzeetan, ehunka pertsona elkartu dira gaur, Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean.
Bertan, unibertsitatera sartzeko probetan zenbait ikaslek lortutako emaitza eskasak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia hezkuntzara hedatzeko baliatu duela salatu dute, botere judizialak, euskarari uko egitea sarituz eta pribilegiatuz.
Kontseiluaren iritziz, gertakari honek argi erakusten du botere judizialaren aldetik gertatzen ari den euskararen gutxiespen sistematikoa, euskara bigarren mailako eta gaztelaniaren meneko hizkuntza gisa betikotzeko asmoz. Halaber, horri gehitu behar zaio gaur egun EAEko hezkuntzan indarrean dagoen hizkuntza-ereduen sistemak milaka ikasle gutxieneko euskara maila lortzetik kanpo uzten dituela. Honen aurrean, ikasle guztien euskalduntzea bermatzeko hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta euskarazko ikasteredua orokortzea aldarrikatu dute.
Elkarretaratzeekin bat egin dute hezkuntza eta unibertsitate arloko eragile eta sindikatu nagusiek, besteak beste, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, Euskal Herriko Ikastolak, BIGE eta Denon Eskola federazioek, IAS eta IKAMA ikasle antolakundeek, eta EHUko euskara taldeek.
Elkarretaratzeetan irakurritako adierazpena
Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiak ez du etenik. Kontrara, zabaltzen ari da, eta orain hezkuntza sistema jarri du jomugan. Horrela baino ezin da ulertu azken egunotan ikusi duguna: nola baliatu diren unibertsitatera sartzeko probako Euskara azterketan zenbait ikaslek izandako emaitza eskasak euskararen aurka egiteko. Egunotan ikusi dugu nola ikasle horien arrangura politikoki eta mediatikoki erabili den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak euskararen normalizazioan duen eginkizunaren kontra. Eta larritasun bereziz ikusi dugu nola berriro ere botere judizialak izan duen azken hitza, EHU behartuz emaitza txarrak jaso dituztelako bide judizialera jo duten ikasleei Euskara salbuestera. Berriro ere botere judiziala gai hau ebazteko ezagutza eta zilegitasuna duten erakundeen gainetik jarri da, EHUren, eta baita Eusko Jaurlaritzaren beraren gainetik ere.
Indarrean den oldarraldi politiko, mediatiko eta judizial honen bidez gero eta sakonagoa da euskararen desofizializazio prozesua. Izan ere, unibertsitatera sartzeko proben auzian gertatutakoak ondorio larri eta nabarmenak ditu euskararen ofizialtasunari dagokionean. Batetik, euskarari uko egiten dioten ikasleak saritu eta pribilegiatuko ditu unibertsitaterako sarbidean. Aldiz, gutxietsi egingo ditu euskarari gainerako ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, hezkuntza curriculumean aitortzen zaion lekua aintzat hartu dutenak, ikasteko ahalegina egin dutenak. Injustizia handi baten pairatzaile egingo ditu milaka eta milaka ikasle. Eta kalte hau ez da konpontzen plazak gehituta. Hala balitz, logika bera erabili beharko bailitzateke Matematikan edo Gaztelanian emaitza txarrak izan dituzten eta haiekin konforme ez dauden ikasleekin.
Guzti honek agerian utzi du zenbateraino garen bigarren mailako eta meneko euskaraz ardazten garen herritarrak; zenbateraino den bigarren mailako eta meneko euskara. Gizarteari helarazi zaion mezua ere garbia da: euskarak ez du gaztelerak bezainbeste balio. Hori guztia oso urrun dago egiazko ofizialtasunetik, oso urrun berdintasunetik, eta are urrunago, euskara bezalako hizkuntza minorizatu batek behar duen normalizazio politikatik.
Ildo horretatik, Euskalgintzaren Kontseiluak kezka handiz hartu du egunotan Jaurlaritzak gai honekiko erakutsitako jarrera. Kezka handiz hartu du egiazko arazoari heldu ordez –indarrean den ereduen sistemak hainbat ikasle curriculumean jasotzen den gutxieneko euskara maila iristetik kanpo uztea–, Hezkuntza Sailaren jarrera izatea azterketen zuzenketan aritu diren irakasleak seinalatzea, haien ezagutza, doitasuna eta sen ona zalantzan jarriz. Babesa adierazi nahi diegu beren egunerokoan euskara irakatsi eta transmititzeaz arduratzen diren irakasle horiei denei, eta eginkizun horren jarraipen gisa azterketak zuzentzen aritu diren guztiei.
Kontseiluan argi dugu arazo honen muina ereduen sisteman dagoela. Aspalditik jakin eta frogatua da A eta B ereduek ez dutela hezkuntza curriculumak berak ezarritako helburuak betetzeko balio. Eredu horiek, euskararen normalizazioan aurrera egitea trabatzeaz gain, milaka ikaslek euskaraz jabetzeko duten eskubidea urratzen dute. Horregatik, aspalditik eskatzen du Euskalgintzaren Kontseiluak egungo hizkuntza-ereduen sistema bertan behera utzi eta euskarazko ikasteredua orokortu behar dela, euskara gutxien duenari gehiago ematea izanik iparra. Horixe da euskararen etorkizuna jokoan den honetan normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko bidea ez ezik, baita ere gizarte gisa dugun korapilo nagusietako bat askatzeko modua, justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzekoa.
Zoritxarrez, Hezkuntza Legearen azken eztabaidan aukera bikaina galdu zen urrats hori emateko. Oldarraldia hezkuntzara hedatu zaigun honetan abagune berri bat zabaltzen da euskarazko ikasteredu orokortuaren noranzkoan eragiteko, eta horretarako deia egin nahi diegu euskalgintzako eta hezkuntzako eragile denei, eta baita ere euskararen etorkizunean sinesten duten indar politiko eta sindikalei. Eta, jakina, dei egiten diegu aldaketa horren bultzatzaile izan daitezen euskaltzale guztiei, euskararen, justizia sozialaren, zein berdintasunaren alde dauden herritar guztiei.
Bien bitartean, euskaraz bizitzeko baldintza errealen alde lanean jarraituko dugu. Jabetu, ahaldundu eta antolatu gaitezen euskaltzale gisa: ikastetxeetan, kalean, lagunartean, sarean eta bizitzako eremu guztietan.
Oldarraldiaren aurrean, justizia euskararentzat, eta euskara guztiontzat!