Euskal poeten lana zabaltzea izango da helburu nagusia. Nazioarteko ahotsak eta beste diziplina artistiko batzuk ere izango dira egitarauaren parte.
Irailekoak poesia-jaialdia berriro egingo da Itsasun irailaren 26an eta 27an. Euskaltzaindiak antolatzen duen ekimenak laugarren edizioa izango du aurten, eta azaldu duenez, egitasmoaren helburu nagusia euskal poeten lana gizarteratzea izango da, hitzaldi, irakurraldi eta errezitaldien bidez. Horrez gain, beste herrialde batzuetako poetek ere parte hartuko dute, eta poesiaren inguruko topagune zabal eta ireki bat sortzea bilatuko da. Antolatzaileen asmoa da, halaber, Euskal Herrian egiten diren literatura-jardueren egutegia osatzea eta poesiari berezko toki eta denbora eskaintzea.
Aurreko edizioetan bezala, poesiak beste adierazpide artistiko batzuekin egingo du bat. Musika eta artelanak ere izango dira jaialdiaren parte, diziplina ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko. Aurtengo egitarau osoaren xehetasunak, berriz, irailean bertan emango ditu ezagutzera Euskararen akademiak.
Jaialdiaz harago, hainbat jarduera osagarri ere prestatu dituzte. Hala, Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.
Bestalde, jaialdian sortutako giroaren eta edukien lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria argitaratuko da. “Oroigarri intelektual-poetiko gisa” banatuko dute parte-hartzaileen eta ikusleen artean, aurtengo edizioaren aztarna jasota gera dadin.