Inge Mendioroz Ibañez eta Idoia Garzes Aldazabal filmaren sortzaileek bideo Sorkuntza kategoriako saria jasoko dute larunbatean, Baionako Herriko Etxean egingo den ekitaldian.
Eusko Ikaskuntza elkarteak hiru sari banatzen ditu urtero Baionako Herriko Etxearekin elkarlanean, Baiona, Iparraldea eta Euskal Herriarekiko harremana izaten duten ikerkuntza eta sorkuntza lanak nabarmentzeko xedez: Jean-Michel Larrasquet Ohorezko Saria, euskara edota euskal kulturaren sustapenean eta honen ezagutzaren zabalpenean parte hartu duen ereduzko ibilbide bati; Euskal Kultura Saria, Euskal Herriari lotutako doktoretza-tesi edota argitaratu gabeko ikerketa-lan bati; eta Bideo Sorkuntza Saria, Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz gisa harturik, gai horien bueltako film dokumental bati.
Hain zuzen ere, azken honekin ohoratuko dituzte Lurdes Iriondo, ez gera aferrik pasako dokumentalaren sortzaileak, Inge Mendioroz Ibañez zuzendaria eta Idoia Garzes Aldazabal gidoilaria, “euskal oroimena bizirik mantendu, eta emakumeek kulturaren garapenean duten ekarpena aitortzeagatik”.
Datorren larunbatean, hilaren 22an, egingo dute sari-banaketa ekitaldia, 18:00etatik aurrera Baionako Herriko Etxearen Saloi Handian.
Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak Lurdes ezagutu eta bere lana erakustea du xede, eta hainbat gai lantzeko bidea ere eman dio Inge Mendioroz Ibañez egileari: emakumearen papera gure historian, erreferenteen beharra norberaren identitatea sortzeko… Izan ere, “zein arrazoi egon liteke Lurdes bezalako emakume batek egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi gabe ezabatu, ezkutatu eta isildu al da?”, Egilearen ustez, nekez uler daiteke eta halako hutsik.
Dokumentala Hego Euskal Herriko zinema aretoetan dago ikusgai jada. Ipar Euskal Herrian, berriz, 2026ko urtarrilean iritsiko da.