(argazkia: Amarika Elkartea)

Gasteizko Amarika aretoa itxi ez dezaten sinadura bilketa abiatu dute

Artearen inguruko 80 bat pertsonak Amarika elkartea sortu zuten duela egun batzuk eta aretoa ixteak egungo artearen esperimentaziorako eta hedapenerako finkatutako espazio bat galtzea ekarriko lukeela adierazi dute.

Joan den astean Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Amarika aretoa itxi eta bertan, Arabako Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa irekiko duela iragarri zuen. “Bertan bilduko dira lurraldean eragileek ematen dituzten ekintzailetza-zerbitzuak, eta haiekin batera lan egingo da bideratze espezializatu baterako” azaldu zuen Aldundiak.

Amarika aretoa 1989an sortu zen, eta funtsezkoa izan da Gasteizen eta Araban arte garaikidea garatzeko. Hiru hamarkada baino gehiagotan zehar, erakusketak, eztabaidak eta proiektuak hartu ditu, sorkuntza artistikoa hiriaren pentsamendu kulturalaren erdigunean kokatuz. Amarika elkarte sortu berriarentzat “hori ixteak egungo artearen esperimentaziorako eta hedapenerako finkatutako espazio bat galtzea ekarriko luke, baita Fernando de Amarikaren legatuaren funtsezko zati bat bertan behera uztea ere, haren ekarpena erabakigarria izan baitzen espazio hori existitzeko”.

Ireki zenetik, Amarika Aretoak Euskal herriko eta kanpoko artistak programazio independentea duen espazio instituzional batera sartzea erraztu du. Elkartearen arabera, “aitzindaria izan da lengoaia artistikoak aurkezten, hala nola performancea, bideogintza eta instalazioak, eta Arabako arte eskaintza publikoan integratu ditu. Gainera, artistentzako baldintza duinak bermatu ditu, lan eredu profesionalizatuak sustatuz eta laguntza horiek urriak ziren testuinguruetan kultur ekoizpena bultzatuz”. Hala ere, berriki hartutako erabaki politikoen ondorioz, pixkanaka desaktibatu eta jarduera murriztu egin dela salatu dute, horren ondorioz, behin betiko ixtea erabaki du Aldundiak, “bere funtzio kulturalaren jarraipenari buruzko edozein gogoeta alde batera utzita”, adierazi dute. Erabileren desplazamendu hori ekosistema artistikoarentzat atzera bueltarik gabeko galera dela diote, eta atzerapausoa foru erakundearen kultur politiketan.

Elkarteak azaldu duenez, “Amarika ixteak ez dio egiturazko behar bati erantzuten, ezta behar ekonomiko bati ere, baizik eta erabaki politiko bati, ez komunitate artistikoa ez gizarte zibila kontuan hartu ez duena. Bere etorkizunari buruzko eztabaida publikorik ez egoteak kontraesanean jartzen ditu kultura-baliabideen kudeaketan parte hartzeko eta gardentasunez jokatzeko printzipioak”.

Hala, Arabako Foru Aldundiari bere erabakia berriz azter dezala eta berma dezala aretoak artearen eta kulturaren gune gisa jarraituko duela eskatu diote, eta, horretarako, sinadura bilketa abiatu dute Change.org plataformaren bidez.

“Fernando de Amarikaren ondare artistikoarekin, praktika artistiko garaikideen garapenarekin eta herritarrek kultur eskaintza askotarikoa eta kalitatezkoa lortzeko duten aukerarekin konpromiso irmoa eskatzen dugu”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna