Ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean egingo da aurtengo Sormenaldia, eta sei egunez musika, literatura, bertsolaritza, zinema, performancea eta dantza uztartuko ditu. Gazte sortzaileentzako sormen-egonaldiak ere antolatu dira, hainbat diziplinatako proiektuak garatzeko espazioa eskainiz.
Musika, literatura, bertsolaritza, zinema, performancea eta dantza uztartuko ditu aurtengo Sormenaldiak. Lehen aldiz, Markina-Xemein batu da Loraldia Plazak sustatutako egitasmora, eta sei eguneko kultur programazioa eskainiko dute bi herrien artean.
Loraldia Plaza egitasmoaren barruan egingo da Sormenaldia 2026, ekainaren 24tik 26ra Lekeition eta uztailaren 1etik 3ra Markina-Xemeinen. Orain arte Lekeition sustraiak botata zituen kultur zikloak jauzi berria egingo du aurten, Markina-Xemein gehituta.
Antolatzaileen arabera, egitasmoaren helburuak dira “sorkuntza garaikidea arnasguneetan errotu, transmisioa eta komunitatea indartu eta olatu berri bat kultur eremuan utzi”. Hala, Lekeition “olatu berria” izango da ardatza, eta Markina-Xemeinen, berriz, “ipar haizea”, Zuberoako proposamenak erdigunean jarrita.
Askotariko diziplinak bilduko ditu programazioak: musika, antzerkia, bertsolaritza, literatura, zinema, performancea eta dantza tailerrak. Lekeition, besteak beste, Hezur Berriak ikuskizuna izango da ikusgai, Ane Labakaren poemak, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeitarren bertsoak eta Ines Osinagaren musika uztartuta. Halaber, Eider Rodriguezek eta Anarik Ipuin bat kantatua eskainiko dute, eta Loraldia ekoiztetxearen Anton Abadia. Dublinetik Hendaiara lana ere programatu dute, Anje Oregi, Xabi Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Phillips Ducauren parte-hartzearekin.
Markina-Xemeinen, berriz, Zuberoako kulturak protagonismo berezia izango du. Mixel Etxekoparrek dantza tailerra eta performance musikala eskainiko ditu, Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan dokumentala proiektatuko dute, eta Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok Lur ikuskizuna taularatuko dute.
Sormen-egonaldiak
Loraldiak gazteentzako sormen-egonaldiak ere antolatu ditu ekainaren 23tik 26ra Lekeition. Guztira, 13 sortzaile gazteren sei proiektu hautatu dituzte, literatura, antzerkia, dramaturgia, performancea, ikus-entzunezkoak eta dantza bezalako diziplinetan lan egiteko. Parte-hartzaileek Nerea Ibarzabal, Iratxe Retolaza eta Jokin Oregiren tutoretzak jasoko dituzte.
Sormenaldiko jarduera batzuk doakoak izango dira, eta beste batzuetarako aurrez sarrera eskuratu beharko da. Txartelak 5 eta 10 euro arteko prezioan daude salgai Loraldiaren webgunean.