Haur literaturako bi kontakizun saritu ditu aurten Mikel Zarate lehiaketak: bata, aitonaren gainbehera umorez eta samurtasunez kontatzen duen istorioa; bestea, migrazioa eta ekologia uztartzen dituen abentura hunkigarria.
Aitona elefante bat da eta Balearen kanta lanek irabazi dute, ex aequo, 2026ko Mikel Zarate haur literatura saria. Maitane Arizti Ugarteburu eta Maitane Perez Argoteren lanak aukeratu ditu Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, aurkeztutako lanen “batez besteko maila altua” eta irabazle bakarra hautatzeko izan duten zailtasuna azpimarratuta.
4.000 euroko saria erdibana jasoko dute bi egileek, eta bakoitzak bere liburua argitaratuko du Elkar argitaletxearekin udazkenean.
Maitane Ariztiren Aitona elefante bat da ipuinak haur literaturan klasiko bihurtzen ari den gai bati heldu dio: protagonistaren aitonak burua eta bizia galtzea. Epaimahaiaren arabera, egileak modu “original, bizi eta baikorrean” eraiki du istorioa, “idazkera dotorez eta umore etengabez”.
Maitane Perez Argoteren Balearen kanta ipuinak, berriz, migrazioa eta ekologia uztartzen ditu. Hayda da protagonista, Afrikatik Europara joan nahi duen neskatoa. Txalupatik itsasora erori ondoren, balea batek hartuko du bere gain, eta hortik abiatuko da “istorio samur bezain harrigarria”.
Aurtengoan zortzi lan aurkeztu dira sariketara. Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten Mikel Zarate haur literatura saria, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile izandako Mikel Zarateren omenez. Hamaseigarren ekitaldia izan da aurtengoa.
Azken urteetako irabazleen artean daude Lur Gallastegi, Ruben Ruiz eta Karmele Mitxelena.
Maitane Arizti Ugarteburu Urretxun jaio zen 1982an. Itzulpengintza, Frantses Filologia eta Literatura Konparatua ikasi ditu, eta EHUko Letra Fakultateko irakaslea da. Narratiba eta poesia arloko hainbat sari ere irabazi ditu.
Maitane Perez Argote, berriz, Iruñean jaio zen 1985ean. Idazlea, aktorea eta ipuin-kontalaria da; Magisteritza eta Arte Dramatikoa ikasi zituen, eta antzerki zein narrazio arloko hainbat sari jaso ditu.